Abenduaren 19an (bihar) osoko bilkura egingo du Getxoko Udalak. Bertan, Udalbiltzarako dirulaguntza baliogabetzeko eskatuko dio Zarraoari Marisa Arruek. "2004ko aurrekontuetan ere dirulaguntza horiek sartu dituzte", Getxoko PPko bozeramalearen esanetan.
Arruek adierazi duenez, "getxoztar guztien interesak zaindu beharrean, Batasunarekin batera Udalbiltzan hitzartu zuten nazio eraikuntzaren bidea jarraitu nahi du alkateak, argi eta garbi". 2000 urtetik hona, PPk dirulaguntza horiek baliogabetzen saiatu da, "justizia astiro doa, baina, azkenean, legezkotasuna defendatzen amaitzen du", gaineratu zuen Getxoko PPko bozeramaleak.
Udal eskumenetatik kanpo
Getxoko Udalak, Udalbiltzari 30 mila euro emateko, 2000ko irailaren 26an hartu zuen erabakia, abenduaren 13an baliogabetu zuen EAEko justizi auzitegi nagusiko administrazioarekiko auzibideetarako salak. Epaiak adierazten duenez, udal baten jarduera ezin da bideratu "eragintza publikoko sektore jakin baten onurarako bakarrik". Horretaz gain, "alderdikeriaz kutsaturiko eraldakuntza politikoa bideratu nahi duen erakunde bati mesede egin nahi diote" auzitegiaren iritziz. Hala ere, "zeharka bada ere", finantziaturiko zenbait kultur eta gizarte ekintza "udalaren eskumenekoak" direla baieztatzen dute.
Auzitegiaren ustez, "udalek daukaten betebeharren artean, alderdien egitasmo politikoak sustatu eta horien berri emateko aukerarik ez dago, Udal Araubidearen arabera". Ildo horretan, udal erakundeek "modu objektiboan eta, Legedia eta Zuzenbidea zehatz-mehatz betez" burutu behar dituzte eurei dagokien jarduerak, epaian adierazten denez.
Laburbilduz, Udalbiltzari dirulaguntza ematea, udalen eskumenetatik kanpo dagoela ondorioztatzen du EAEko auzitegi nagusiak: "Auzotarrak diren einean, ez dira getxotarren beharrizanak kontutan hartzen. Are gehiago, udal erakundetik kanpo dagoen hiritar kontzeptuari dagozkio laguntza horiek, hau da, auzotar izatearekin ez dauka zerikusirik kontzeptu orokorragoa delako".