Getxoko Udalak Getxoko Udal Turismo Bulegoak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko hiru informazio giden diseinua, maketazioa eta inprimaketa esleitu ditu, 18.554 euroko gehienezko zenbatekoan.
Horietako bat, hiriko gida izango da. 20-24 orri izango ditu eta udalerriari buruzko informazioa eskainiko du, tartean historia, azpimarratu beharreko elementuak eta abar. Hiru hizkuntzetan argitaratuko da: gazteleraz, euskaraz eta ingelesez. 16.700 ale aterako dituzte.
Bestalde, Turismo Bulegoak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa triptiko baten bitartez eskainiko dute, euskaraz eta gazteleraz alde batetik, eta frantsesez eta ingelesez bestetik. Azkenik, Turismo Bulegoan bertan eros daitekeen materialaren gida ere kaleratuko da.
Bestalde, Turismo Bulegoak eskaintzen dituen zerbitzu eta promozioetarako erabiltzen diren argitalpenak berriro kaleratuko ditu Udalak. 'Irudi Liburuxka'k 36 orri izango ditu, udalerriaren informazio zabalarekin batera. 9.600 ale egingo dira guztira, zazpi hizkuntzetan banatuta: euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, alemanez, italieraz eta katalanez. 'Azoka Liburuxka' ere zazpi hizkuntza horietan argitaratuko da. Lau orriko hau, Turismo Bulegoak banatuko du azokaz azoka joaten denean. 32.800 ale kaleratuko dituzte.
Gainera, 'Getxo Produktuak' izenburupean, bisitariei eskaintzen zaizkien ekimenei buruzko hiru katalogo ere aterako dira: 'Kultur ihesaldia', 22.000 ale gazteleraz, euskaraz eta ingelesez; 'Belauntzian' 24.000 ale euskaraz eta gazteleraz, eta azkenik, 'abentura anitz' 11.500 ale, euskaraz eta gazteleraz ere bai. Hilabetez hilabete, Turismo Bulegoak antolatzen dituen ekitaldiei buruzko txartelak eta informazio orriak ere izango ditugu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.