22 urteko espetxe zigorra eskaera Ertzaintzaren muntaia eskandalagarrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 19a, 21:05

Fiskalak 22na urteko espetxe zigorra eskatu ditu Kepa Saratxaga, Arkaitz Goikoetxea eta Endika Lejarzegi Algortako preso politikoentzat Ertzaintzaren muntaia polizial eskandalagarri batean.

Madrileko Audientzia Nazionaleko Fiskalak 1999ko Gabonzahar goizaldeko 01:45ean Galdakao Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako kale-burruka erasoan parte hartzea leporatzen die Kepa, Arkaitz eta Endikarekin batera beste 8 gazteri ere. Beste gazte horiek, bat Bilbokoa da, beste bat Durangokoa eta gainerakoak Galdakaokoak.

Horretarako, akusazioa Ertzaintzak atxilotutako horietako gazte batzuei komisarian sinarazitako deklarazioetan oinarritzen da besterik gabe. Komisarian sinatutakoa gero ukatu egin zuten epailearen aurrean deklarazioa egitera eraman zituztenean, torturaz sinarazi zizkietela esan zuten eta dena Ertzaintzaren muntaia poliziala zela salatu. Poliziaren "deklarazio" horiez gain ez dago inolako akusazio elementurik, ez ADN frogarik, ez eta aztarna txikienik ere.

Akusatuen abokatuek adierazi dutenez, akusatuetako zenbaitek frogak aurkeztuko dituzte, egun eta ordu horretan beste leku batean zeudela egiaztatzeko. Akusatuetako batek, esate baterako, istripu bat izan zuen Laudion eta, alkoholemia kontrola zela-eta, Ertzainek beraiek erretenituta zeukaten erasoa gertatu zenean. Beste batzuk taberna lanetan ari ziren beste herri batzuetan. Gainerakoen kasuan, zail ikusten da non zeuden frogatzea, baina aurrekari horiekin akusazio osoak zentzurik ez duela erakutsi nahi dute.

Kepa, Endika eta Arkaitzen kasuan, alde batetik, eurek beti ukatu dute eraso horrekin zerikusirik daukatenik eta, beste aldetik, euren lagun eta familiarrek berretsi egin dute egun eta ordu horietan Algortan izan zirela gabonzahar gaua ospatzen.

Galdakaoko Guardia Zibilaren aurkako kale-eraso horretan fiskalak dioenez 50 koktel eta hainbat zuziri bota zituzten, eta Guardia Zibil bat zaurituta gelditu zen erasoaren ondorioz, 2. graduko erredurekin.

Fiskalak 18 urte eskatzen dizkie sutea eragiteagatik eta 4 urte lesioengatik, beti ere lege terroristari jarraiki. Baita ere, 100.000 euro inguru eskatzen die kalteak ordaindu eta Guardia Zibilari indemnizazio moduan emateko.

Epaiketa hau uda baino lehenago egingo delakoan daude akusatuen abokatuak. Izan ere, fiskalak urriaren 28an sinatu zuen bere eskaera eta orain defentsa idatzia egin eta frogak proposatzeko tramiteak burutzen ari dira. Horren ostean Epaile instruktoreak epaiketaren data finkatzea besterik ez da gelditzen.

2002ko urrian eta azaroan Ertzaintzak Ibai-ezkerrean, Uribe Kostan, Durango aldean, Galdakaon, Basaurin, Bilbon... egindako sarekada sailean atxilotu zituzten orain akusatutako guztiak. Sarekada horietan atxilotutako guztiek tortura latzak salatu zituzten eta oihartzun nahikoa izan zuen salaketak hainbat komunikabideetan, Eusko Jaurlaritzatik ezkutatzeko sekulako ahaleginak egin zituen arren. Horren ondoren Eusko Jaurlaritzak atxilotuen eskubideak bermatzeko "protokolo" bat martxan jarriko zutela iragarri zuen, baina tratu txarretako salaketek jarraitu egin dute geroztik ere.

Akusatu guztiak, bat izan ezik, espetxean daude gaur egin. Kalean dagoen hori fidantza ordainduta "behin behineko askatasuna" aplikatu zion epaileak. Endikaren kasuan ere, 2002ko urriaren 24an atxilotu eta libre utzi zuten kargurik gabe. Gero, 2003ko ekainaren 23an atxilotu zuten berriro eta espetxean dago harrez gero.

Bere momentuan Torturaren Aurkako Taldeak eta Askatasunak esan zuten sarekada eta tortura horien bidez Ibarretxeren plana Espainiaren aurrean "legitimatu" nahi zuela Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, "terroristen" interesen alde jokatzeaz faxista espainiarrek egindako akusazioen aurrean, Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren aurkako paladin modura agertu nahi izan zuen, eta horretarako ez zuen beste biderik aurkitu mugimendu abertzalearen gazte sail batzuk atxilotu, torturatu eta horren "emaitzak" aurkeztea baino.

Abokatuen iritziz akusazioei inondik inora eusterik ez dagoen arren, Audientzia Nazionaleko jokaera ikusita, gazte hauek euren bizitza osoa kartzelan egiteko arrisku larrian daude.

Eskandalu izugarri baten aurrean gaudela esan beharko genuke. Baina zapaltzailearen logika nagusi denean errepresioa edozeinen gainetik pasatzeko gai da: gaur gazte abertzale hauen gainetik. Bihar... gu izan gaitezke. Guztion zeregina da, bada, muntaia polizial hauek salatu eta zapalketari aurre egitea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun