Getxoko lehenengo Gazte Plana onartu du Udal Osoko Bilkurak EAJ, EA, IU-EB eta PSE-EE alderdiek emandako botoekin. PP abstenitu egin da. Udalerriko gazteriak dituen arazoei irtenbidea bilatzeko ardatzak ezartzen ditu egitasmoak.
Gazte Planak arlo ezberdinak jorratu eta 152 ekimen estrategiko hartzen ditu, hala nola, Enplegua, Etxebizitza, Hezkuntza eta Trebakuntza, Aisialdi eta Kultura eta Osasuna arloei dagozkienak. Ekimen horien bidez, herriko gazteei erantzunak eta irtenbideak eman nahi dizkiete, etorkizunera begira.
Getxoko Gazte Planak helburuak ezartzen ditu epe labur, ertain eta luzera begira, eta hurrengo hilabeteetan hasiko dira lantzen, gazteekin lotuta dauden arlo publiko eta pribatuko erakundeen parte hartzearekin. Dena den, eta osoko bilkuran onartu baino lehen, Gazte Planaren barruan agertzen diren hainbat ekimen jarri dira dagoeneko abian, esaterako, Elena Coria Gazte zinegotzia izendatzea, gazte arloko teknikariaren izendapena eta Gazte Bulegoaren irekiera.
Getxoko Gazte plana eratzeko prozesua 1997an hasi zen, Deustuko Unibertsitateak udalerriko gazteei buruz egin zuen azterketaren ondorioz. Ordutik hona, eta Eusko Jaurlaritzak gazteen inguruan martxan jarri dituen planak oinarri hartuta, udalerriko 70 gizarte eragilek hartu dute parte eratutako bost batzordeetan.
Lan horren ondorioa izan da, gaurko bilkuran onartu eta izaera zabala eta arlo ezberdinak jorratzen dituen Gazte Planak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.