Gabon-kanta kontzertua emango du bihar Erromon Ondarreta Abesbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 19a, 21:55

Ondarreta Abesbatzak gabon-kanta tradizionalak eta beste ezezagunago batzuk bilduko dituen kontzertu bat emango du bihar, Erromoko San Jose elizan, arratsaldeko 20:15etik aurrera. Sarrera dohainik izango da, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez.

Betiko gabon-kantak eta ezezagunago batzuk interpretatzeaz gainera, abesbatza getxotarrak euskal gabon-kantak ere berreskuratuko ditu, euskarazko pieza hauek bultzatzeko asmoz.

Egitarauari dagokionez, sopranoak, tenoreak eta errezitatzaileak Ganbera Orkestra gaztearekin eta xirula, biolontxelo, organo edo pianorako soloekin batera arituko dira. Horrela, 'Noche de Paz' edota 'Birjina Maite' bezalako klasikoak, melodia gregoriar, txiletar edo venezuelarrekin batera entzun ahal izango dira.

Ondarreta Abesbatza izan da ekimenaren egilea. Talde getxotarrak 1967an ekin zion bere ibilbideari, Areetako Mesedeetako Amaren elizako abesbatza bezala, baina sei urte geroago hartu zuen egun duen koru itxura. Ordutik, mota guztietako generoak bildu ditu bere errepertorioan, hala nola obra sinfonikoak, operak edota zarzuelak. Euskal Herrian eskainitako kontzertuez gain, Espainian, Frantzian, Alemanian edota Belgikan ere aritu da.

1977. urtetik Manuel Torreo Lledó da abesbatzaren zuzendaria. Torre Lledó-k Donostiako Ganbera Orkestra eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko Ganbera Orkestra zuzendu ditu. Gainera, zenbait opera, zarzuela eta obra koralak prestatu ditu, zuzendari ospetsuekin kolaboratuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun