Jarrera horrekin etxean gera gaitezen lortu nahi baduzue, alkate eta lapurretaren gehiengoa osatzen duzuenok, jai daukazue. Zuek nahi ala nahi ez, Getxo Biziaren parte hartzea udal politikan gero eta eraginkorragoa izango da.
Azaroko udal batzarrean Tokiko Agenda 21 eta oraingo honetan Gatze Plana onartu egin dira.
Tokiko Agendari dagokionez atzerapenez eta bide okerretik dator. Atzerapenez 94.urtean Aalborgeko karta idatzi zenetik ia 10 urte igaro direlako eta bide okerretik, bai udalerriaren diagnostikoa, bai helburuen zehaztapena aurreko eta oraingo udal gobernuen aldetik euren kabuz eta herritarren parte hartze prozesurik gabe landutako txostenak direlako. Parte hartze herritarra izanik Aalborgeko Kartaren irizpide nagusietako bat, hori gabe, udalerriaren garapen jasangarria bideratzeko ordez, Tokiko Agenda 21 udala eta udal agintarien propaganda tresna bilakatzen da.
Gazte Planaz ere antzeko hausnarketak egin daitezke. Gazteen parte hartzea bermatu gabe, udal gobernuaren interes politikoen arabera landutako testua da onartu dena, eta interes horien arabera ere kudeatu egingo da. Gazte plana bulegoetan idazten zen bitartean, hainbat eta hainbat gazte iniziatiba itotzen eta suntsitzen sistematikoki ahalegindu dira azken urteotan udal agintariak.
Azkenik gaurkoan ere Udalbiltzaz egin du galdera PPk. Udalbiltza 99. urtean sortu zenetik oso arduratuta ari dira inperialista espainolak haiek ezarri dizkiguten mugak eta zatiketa administratiboak gainditzeko sortu genuen instituzioa gaitzesten eta estatuaren indarkeriaz oztopatzen.
Udalbiltzari esker euskal herritarrok gure naziotasuna adierazteko aukera dugu eta, azken egun hauetan ikusi dugun bezala, gero eta gehiago dira aukera horren alde egiten ari diren herritarrak.
Udalbiltzari esker paper baten gainean dauzkagu idatzita Euskal Herriaren Eskubideen Karta izenekoan, zeintzuk diren bertoko herritar eta gure herriaren eskubideak.
Udalbiltzari esker bada orain non eztabaidatu modu irekian gure herriaren egoeraz eta etorkizunaz.
Udalbiltza sortu zenetik jakin badakigu ezarri zaizkigun muga administratiboak gaindituz beste eraketa instituzional bat, euskal eraketa burujabe eta demokratikoa posible dela, eta hori da hain zuzen ere, estatuaren legeria eta errepresioa gordinki erabiliz neofrankistek ekidin nahi dutena. Horregatik jo zuten maiatzeko udal hauteskundeak baino gutxi lehenago Udalbiltza eta bertan lanean ari ziren hautetsi eta langileen kontra. Oraindik preso, bahituta daudenei besarkadarik haundiena.
Getxon, 2003ko abenduaren 19an.
Informazio gehiagorako:info@getxobizia.org