Euskaldun berri zaharraren teoria - Xabier Paya Ruiz / bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 21a, 21:13

Hilabete da azken artikulua idatzi nuenetik eta ez dira hirurogei izango webgune honetan azaldu direnak. Ikusi dudanaren arabera, bakoitzak oso gertuko zaion gairen bat hautatzen du bi mila kolpekadako letra sopa idazteko. Webguneak testu irakurriena zein izan den erakusten du ere, irakurleen zaletasunaren berri ematen diguna. Gauzak horrela, nirea asmoa ez da testu irakurrienaren txokoa nireganatzea, nire txokoan irakurriena den hori zuenganatzea baizik.

Baten batek oraindik ez baldin badaki, jakin dezala Payá abizena katalana dela eta Ruiz ez dela oso euskalduna. Era berean, jakin dezala Payátarren etxean ez dugula morokila gosaltzen, ezta intxaur-saltsarik egiten gabonetan. Eta garrantzitsuena agian, jakin dezala Payátar anaia-arrebetako inoren lehen hitza ez zela “kopla” edo “errima” izan.

Testuingurua zehaztuta, hamasei urte nituen bertso-bazkari bateko emakume batek euskaldun berria edo euskaldun zaharra nintzen galdetu zidanean. Galderak bi sentsazio sorrarazi zituen nigan: euskaldun zaharra nintzela zalantzan jartzen bazuen, euskaraz ondo mintzatu behar nuen ezinbestean; euskaldun berria nintzela kolokan bazegoen, abizenak eragindako duda-muden ondorioa izan zitekeen galdera. Nik ordurako banuen EGA aterata, baina egadun orok badaki agiria lortzeko ez dela euskaraz jakin behar, pistolaren hots-uztardura danba-danba dela baizik. Emakumeari euskaldun berria nintzela esan nion, baldin eta euskaldun zaharra izatea euskara gurasoengandik jasotzea bazen. Halaxe erantzun zidan: “bueno, berri-berria ere ez... euskaldun berri zaharra edo.”

Zer da euskaldun berri zaharra izatea? Ez naiz hasiko Soziolinguistika Inkestaren analisi sakona egiten, baina eman dezagun Euskal Herrian 800.000 euskaldun daudela. Horrenbestek euskaraz komunikatzen daki (beti ere euskara maila kontuan hartu gabe eta ikasleen eredu diren irakasleek euskaraz ondo egiten dutela suposatuz). UNESCOk euskara moduko hizkuntzei opa dienari so eginda, zertarako egin behar dugu 800.000 euskal herritar arteko hizkeraren jatorriaren araberako banaketa? Horietatik erdiak baino gehiagok ez du ergatiboa ondo erabiliko, laurdenak *famosoetaz hitz egingo du lagunekin eta seirenak *ez nahiko du lan egin. Eta horiek zer dira, euskaldun berri hasiberri akastunak?

Euskaldun gutxiegi gaude sei euskal herrietan. Beraz, ez gaitezen banaketa mingarrietan hasi. Are gehiago, gauza bat argia da: Aitorren hizkuntza zaharraren etorkizuna erdalgunean dago, Pérez, Abu-Chams eta Voicescu abizena duten euskaltegietako ikasleengan, hain zuzen. Dena etxean egina eman dieten horiengatik balitz, “Espainia hobeto joango litzateke”. Euskalduna naiz eta... utz iezadazue harro egoten. Eta ezetz uste duenak, erantzun diezadala!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun