Uribe Kostan ere euro apur batzuk utzi ditu Gabonetako Loteriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 22a, 14:46

Euro apur batzuk utzi ditu Gabonetako Loteriak Uribe Kosta eskualdean. BesteaK beste, 10:19ak aldera, Oscar Armero eta Sergio Criado haurrek atera duten laugarren sarietatik bigarrenaren zati bat, Areetako Kale Nagusiko administrazioan saldu dute: 12.956 zenbakia, 200 mila eurorekin saritua txartel bakoitzeko. Ordu erdi beranduago, 10:54ak aldera, Gabriel Sánchez Salcedo eta Lionel González Ballesteros haurrek bostgarren sarietatik bat atera dute, 30.412 zenbakikoa. Honetatik zati bat Sopelako Iparragirre kaleko administrazioan saldu da.

Areetako Kale Nagusiko 'Los Millones' administrazioak 200 mila euro inguru banatu ditu (33 milioi pezeta baino gehiago). Administrazioko arduradunek adierazi dutenez, "ohituta daude getxotar guztiei zortea ekartzen". Orain dela bi urte ere, hirugarren saria eman zuten bertan. Gaurko laugarren saria lehiatilan saldu dute, euren hitzetan.

Sopelari dagokionez, bostgarren sari horretako hamar txartel saldu dituzte Iparragirre kaleko administrazioan, 48 mila euro guztira. Horietatik bost andre bakar batek erosi omen ditu. Iñaki Rojo arduradunaren hitzetan "hain diru gutxi izateko, gerra handia ematen ari dira".

Sari potoloa Lleidara

Sari nagusia, berriro ere, gure eskualdetik urrun geratu da. Jorge Iván García Mejía eta Karim Chergüi haurrek atera duten 42.473 zenbakiak bi milioi euro utzi ditu serie bakoitzeko Sort-eko (Lleida) lehenengo administrazioan. Guztira, 120 milioi euro batatu dituzte bertan, zenbakiko 60 serie saldu baitituzte. 'La Bruixa d'Or' bezala da ezaguna administrazioa eta Espainia osoko salmentarik handienak dauzka.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun