Badator Olentzaro

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 23a, 22:34

Hamabi hilabete luze itxaroten egon ostean, urteko gaurik magikoenarekin gozatu ahal izango dute bihar Euskal Herriko ume guztiak. Bapo afaldu eta gero, lozorroan sartu eta, eguna argitzean, orduan hasiko dira arineketak eta komeriak. Hala ere, ohera sartu aurretik, abestu eta jolasteko aukerarik ez zaie faltako txikienei. Izan ere, goizean goiz, hartuko ditu Olentzarok, abenduaren 24an, Uribe Kostako kaleak. Bazkal aurretik hasi eta ilundu bitartean, txistulariak, dantzariak eta kalejirak ibiliko dira txokotik txokora. Gauean, txokolate, gozoki eta gaztaina erreekin sabela beto ostean, su eta gabon kanten artean, ikazkin zaharrari azkeneko agurra emateko.

Algortako Olentzaro Batzordearen eskutik, 11:00etatik aurrera abiatuko da Antzerki Eskolaren kalejira, Getxo Antzokian bukatzeko. Bertan, 'Olentzero nik nahi nuke...' lana antzeztuko dute. Telletxen, musikariak, jolasak eta tailerrak, hankapaluak, eta abar egongo dira. Goiz osoan zehar fruitu lehorrak banatuko dira.

Arratsaldean, berriz, 17:00etan hasiko da, Benantzion, Olentzaroren kalejira. Sarrikobaso, Gaztelumendi, Iturgitxi, Salsidu, Basarrate eta Areneazpi kaleak zeharkatu ostean, geldiunea egingo dute, ordu bete beranduago, Villamonten. Bertan, txokolatea eta gaztainak, bertsolari eta euskal dantzak, eta opariak banatuko ditu Olentzarok. Salsidu, Algortako etorbidea, Mariandresena, Telletxe, Hirutasuna eta San Martin kaleetatik gora, San Nikolas plazan amaituko da kalejira 20:00etan. Txalaparta, bertsolariak, abesbatza, Olentzaroren kontaira kontatzea, aurreskua eta Olentzaroren erretzea egongo dira bertan.

Areetan, Berantzagi Dantza Taldeak antolatuta, erromeria egongo da, 12:00etatik aurrera, txistulari, trikitilari, albokari eta dultzaineroekin. Ordu erdi beranduago, ipuin kontalaria egongo da Eskoletako plazan. 13:30an, berriz, bertso saioa eskainiko du ALBE Algortako Bertsolari eskolak. Eta ordu bete beranduago, gabonetako otarra eta oilarra zozketatuko dira.

16:00etan, haurrentzako jolasak egongo dira. Eta horiek amaitu ostean, dantza emanaldia eskainiko du Berantzagik, 18:00etan. Olentzaroren kalejira, berriz, 18:30an abiatuko da Eskoletako plazatik, ordu bete beranduago, leku berean amaitzeko. Orduan, Olentzaro erreko dute. Amistad, Kale Nagusia, Metroko plaza, Club, Las Mercedes kaleak zeharkatuko ditu kalejirak.

Erromon, trikitrixak eta albokak girotuta, bazkari herrikoia egingo dute, 14:00etatik 17:30era. Sabela ondo bete ostean, Olentzaroren kaleja hasiko da, 18:00etan Erromoko parrokiatik. Zasi Eskola dantza taldeko kideek eta Erromoko 'Ziztu Bizian' eskaut taldeko kideek alaituko dute ibilbidea dantza eta musikaren bitartez. Ezekiel Agirre, Ganeta, Lope de Vega, Gobelaurre, Ezequiel Agirre, Gobelondo, Urkizu, Santa Eugenia, Butron, Kalamua eta Kresaltxu kaleetan igaro ondoren, txokolate jana eta jaiaren amaiera egingo dute, 20:00etan, parrokian. Zasi Eskola Dantza Taldeak antolatu ditu ekitaldiak.

Getxon, Itxas Argia Dantza Taldearen eskutik, Andra Mari kiroldegian hasiko da, 17:00etan, kalejira. Mati, Diliz, Saratxaga, Zientoetxe, Perune, Uri Torrebarria, La Venta, Geroa ikastola, Orduña Portua eta Venancio igarota, sua eta txokolate jana egingo dute 19:30ean Malakaten. Musikariek eta dantzariek alaituko dute ibilbidea eta txikien artean gozokiak eta opariak banatuko dira.

Berangon, marrazki lehiaketa egingo dute herriko pilotalekuan 12:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, berriz, jolasak eta marrazki lehiaketaren sariak banatuko dituzte, 17:00ak eta 19:00ak bitartean, Olentzaroren laguntzaz.

Gorlizen, 11:00ak aldera hasiko dira umeentzako jolasak Eliz Plazan eta pilotalekuan. Jinkana eta golf erakustaldia egongo dira, hurrenez hurren. Ordu berean hasi eta 13:00ak bitartean, ludoteka egongo da zabalik Kultur Etxean. 17:00etatik aurrera, Gorlizko kaleak hartuko ditu Olentzarok: Eloisa Artaza kaletik igo eta Itsasbidetik barrena Eliz Plazara helduko da kalejira. Bestan ekitaldia eskainiko dute, eta amaitzeko, suzko zezena egongo da. Udalaitz Txistulari Taldea, Aratz Dantza Taldea, Etzandarri eta Lirain Txiki Abesbatzak, Ugari Sub Taldea, Mendibike Elkartea, Pinurri Golf Taldea, Gorliz Irratia...dira antolatzaileak.

Leioan, Olentzaro jaia ospatuko da Ibilaldia 2004ko antolatzaileen eskutik. Kalejira eta kale antzerkia dira egongo direnen artean azpimarragarrienak.

Sopelan, 18:00etan abiatuko da kalejira Urgitxeta Plazatik. Herriko kaleetan barrena, gaztaina erreak eta gozokiak banatu eta kale antzerkia egongo da ikusgai. Azkenik, Olentzaroa erreko dute.

Uribe Kostako gainontzeko herrietan eta Euskal Herriko kale guztietan, jai giroa eta gabon kantak beteko dituzte txoko guztiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun