Mugikortasuna, leku batetik bestera desplazatu ahal izatea, pertsona guztientzat oinarrizkoa da. Egunero aurrera eramaten dugun errutinari begiratzea baino ez dugu. Baina pertsona guztiek mugitzeko aukera berdina al dugu? Bistan da, ezetz. Eta ez da bakoitzaren ezintasunagatik bakarrik, gizartea ere oso habila da oztopoak jartzen. Asier nire lekuan jarriz gero, ezingo luke udaletxeko errekadua egin, atarira igotzeko hogei eskailera baino gehiago daudelako eta igogailu edota aldaparik ez, noski. Postetxera ere ezingo luke sartu, atea oso hertsia delako. Egokitutako kotxe bat izanez gero tira, lanera joan zitekeen, baina bazkaltzera joaterakoan, hau komeria!
Jatetxeak mahaiak pilatuta ditu eta oso tarte gutxirekin batetik bestera. Hala ere, espektakulu ederra eman ondoren (jatetxeko mahai guztiak mugituz leku egin ostean) 45 minutu izango genituzke bazkaltzeko eta bigarren platera bukatu gabe itzuli beharko ginateke lanera. Arratsaldean, erosketak! Eta karroa! Nola demontre gidatuko du altuera eta pisu horretako karru bat! Eta zer esanik ez, igogailurik gabeko hirugarren pisu batetara erosketak igo beharko balitu!
Atzean uztera goazen urtea, 2003garrena alegia, diskapazidadea duten pertsonen urte europearra da. Hainbat ekintza eta eskuhartze aurrera eraman izan dira pertsona hauen bizi baldintzak habetzeko asmoz. Herri asko dira sarbide edo akzesibilidade planetan murgildurik hainbat oztpo arkitektoniko saiesten edo gainditzen saiatu direnak. Baina Asierrek oraindik ez du udaletxera sartzeko aukerarik.
Gaur egun, oraindik, asko dira gaigabezia fisiko, psikologiko edota sentsorial bat duten pertsonei gizarteak jartzen dizkien eragozpenak. Jatetxe gutxi dira menuaren karta braillez aurkeztu dezaketenak, herri gutxitatik pasiatu daiteke oztopo arkitektoniko batekin topo egin gabe, oraindik badaude hainbat edifizio publiko, eskola, osasun zentru eta aisialdi zerbitzu sarbidea egokitu gabe dutenak, lehen mailako beharrak erantzuten dituzten zerbitzu gutxi dira zeinuen hizkuntzako interprete bat eskura dutenak, garraio publiko gehienak ez daude guztiok erabiltzeko moduan prestatuak eta Asierrek oraindik ez du udaletxera sartzeko aukerarik.
Honek diskapazitateren bat duten pertsonen egoera ulertzeko gizarteak duen gaigabezia baino ez digu erakusten. Pentsa, Asierrek oraindik ez du udaletxera sartzeko aukerarik! Gizarte eragileek behar berezi bat duten pertsonen egoera ikusi nahi ez, entzun nahi ez eta horretaz pentsatu nahi ez dutela dirudi.
Horrela, hemendik, herritar guztiek komunitateko zerbitzuak erabiltzeko orduan dugun aukera berdintasuna aldarrikatu nahiko nuke. Asier bezala, gaigabezi fisiko, psikologiko edota sentsorial bat duten pertsonek, gizarteko partaide diren heinean, berez dituzten beharrak baino gehiago euki ez dezaten eta beraien bizi kalitatearen alde, ia beharrezko neurriak hartzen ditugun, behingoz! Asierrek oraindik, 2004garren urtearen atarian, ez baitu udaletxea barrutik ezagutzen!