Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak 'Gabonak 2003' egitaraua antolatu du Euskalduna jauregian. Besteak beste, 'Peter Pan' 3 eta 4 urtetik gorakoentzako musikala eskainiko dute abenduaren 30an, 16:00etatik aurrera. Ordu t'erdiko iraupena du lanak eta 15 eurokoa da sarrera. Urtarrilaren 2an, berriz, 'Marixe' 7 urtetik gorakoentzako txotxongilo eta dantza ekitaldia egongo da ikusgai, 16:00etatik aurrera, 6 euroren truke. Bi emanaldietarako sarrerak abenduaren 9tik aurrera daude salgai agortu arte Berangoko Kultur Etxean. Ordu bat lehenago irtengo dira autobusak.
Hala ere, hau ez da izango Berangoko txikienek ondo pasatzeko duten aukera bakarra. Izan ere, gabon egitarau oparoa antolatu du Kultur Etxeak.
Besteak beste, abenduaren 26an, 'Olentzero nik nahi nuke...' antzezlana eskainiko du Getxoko Antzerki Eskolak, herriko pilotalekuan, 18:30etatik aurrera. Toki berean, Haur Parkea jarriko dute 27an eta 28an. Bertan, Santa Fe trena, ludoteka, zezen mekanikoa eta tailerrak egongo dira 11:30etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara. Igande horretan ere 'Patxin eta Potxin' pailasoak egongo dira, 19:00etatik aurrera.
Abenduaren 30an, berriz, Bilboko Arriaga Antzokira antolatu dute txangoa, 'Mayumana' dantza, antzerkia eta musika ikuskizunarekin gozatzeko. 20:30ean hasiko da 18 eta 30 urte bitartekoentzako ikuskizuna. Sarrerak (12 euro) mugatuak dira.
Nola ez, ludoteka zabalik egongo da egun hauetan. Honakoak izango dira gabonetako ordutegiak:
- Txiki ludoteka (3-8 urte). Lanegunak 11:00etatik 12:30era eta 16:30etatik 18:30etara.
- Ludoteka (9-14 urte). Lanegunak 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:00etara.
Gainera, gabonetarako tailer bereziak antolatu dituzte: makilaje (abenduaren 26an), Divermagic I tailerra (abenduaren 30an) eta Divermagic II tailerra (urtarrilaren 2an). Abenduaren 29an, berriz, 8 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteentzako, Bilboko Gabonetako Haur Parkera txangoa antolatu dute. Eta urtarrilaren 3an, Gabonetako festa egingo dute ludotekan 17:00etatik aurrera.