Fronte Popularra - Mikel Carramiñana / Mediaberri.com-eko koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 24a, 20:30

Urte berriaren esperoan, gero eta gertuago gabonak aurrera egin ahala, ez legoke batere gaizki orain dela 69 urte espainiar politikan emandakoa gogora ekartzea. II. Errepublikaren garaia zen eta indar ezkertiarrek hauteskundetara koalizioan aurkezteko apustua egin zuten. Eztabaidagarria noski, gerora barne gatazkak eman zirenik eta zein neurritan, baita galtzailerik egon zen galdegitea. Azken hau ez da ordea, lerro hauen helburua. 2004. urteak egoera politikoa gogor astindu dezake, bai Euskal Herrian eta bai Espainiar Estatuan zein Europan. Erabaki garrantzitsuak hartu behar dira eta inor ez da gauza, norbere kabuz eta indarrez, hauek gauzatzeko.

Egunotan prestatzen ari da hasieran aipatutako Fronte Popularreren bertsio berria, hain zuzen ere eta ironikoki, Popularrak –boterean hain sendo instalatu den eskuina, argibiderik behar duenarentzat- Estatuko gobernutik kanporatzeko. Inkesta baikorrenetan ere, Mariano Raxoi-ren garaipena aurreikusten da Martxoak 7ko hauteskundeetan. Testuinguruak norbanako guztiak bultzatzen ditu leku eta iritzi hartzera Espainia bizi duen “arrisku larriaren” aurrean.

Aznarren azken hitzak deskribapen bikainak dira, espainiar nazionalistentzat behintzat, gertatzen ari denaren inguruan. Presidentzia uztera doan gizonaren esanetan, badago Espainia iraintzea zeregin bakartzat duten pertsonak, egunero jaikitzen omen direnak, soilik “Estatu banaezinaren” kontra egiteko. Salaketa horren xederik nagusitzat kataluniarrak eta euskaldunak daude noski, lehenengoek zeresan handia dutelarik CIU Generalitat-etik desagertu denetik.

Euskal Herrian indar abertzale, Ezker Batua erdibidean beti bezala, guztien arteko ituna eskatzen ari da zenbait aldeetatik, Estatuko bozetan elkarrekin aritzeko. Bilatzen dena azken finean, PSOEk gehiengo osorik gabe alegiazko gobernu batean parte garrantzitsua hartzea, euskaldunen asmoei erantzuteko gero, ordainean. Otegik Bergaran plazaratu berri duen eskaintza ez du onartu EAJk, oraingoz.

Nafarroan aldiz, indar abertzale batzuen arteko koalizioa eratu da, UPN edo PSN alderdiei lurralde honi dagozkion eserlekuetariko bat lapurtzeko. Baina Madrilen ere, eskuinaren kontra batasuna eskatzen duten proposamenak daude. Gaspar Llamazares-ek berak eskatu du Senaturako indar guztien batura. Egitasmo hori forma hartuz gero, Senatuak kasurik okerrenean PPk berriro gidatuko zuen Parlamentua geldiarazteko balio izango zuen. Zaila da ordea, halakorik gauzatzea, herritarrek aritmetika politikorako gogo gutxi izaten baitute. Edonola, galdera bakarra dago; egongo al da, 69 urte beranduago, eskuinari irabazteko Fronte Popular berririk?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun