Laurogei itsasontzi inguruk parte hartuko dute Oilarraren estropadan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 26a, 20:10

Abenduaren 27an, bihar, gurutz motako itsasontzietarako Oilarraren estropada egingo da 12:00etatik aurrera. Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Clubek 2003 urtean antolatu duen estropaden egutegian azkena da proba hau. Guztira, 80 itsasontzi inguru ibiliko dira Abran.

Eguraldia traba ez bada, Sestaoko Benediktako untzitegitik abiatuko dira 80 itsasontzi inguru, 10 milia luzeerako ibilbidea egiteko. Gainera, irteeratik metro gutxira estropadako unerik ikasgarriena helduko da: itsasontziak, bela guztiak luze-luze eginda, Bizkaiko Zubiaren azpitik igaroko dira. Une hori argazkiak ateratzeko aprobetxatzen dute ibaiaren alde bietan bildutakoek. Zubi esekia atzean utzi ondoren, Abra barnean ibiliko dira gurutzontziek, triangelu itxurako ibilbidea egiteko.

Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Clubek antolatzen duenazkeneko proba da biharkoa. Estropada amaitu eta gero, ohikoa denez, Maritimoko instalazioetan indaba-jana egongo da, eta ondoren, Abran eginiko hainbat estropadetako sariak banatuko dira. Besteak beste, Ahate-eme saria emango diote denboraldian akatsik handienak egin dituenari, eta partaide onenari, berriz, Oilarra saria.

2002 urtean, Erick Jaureguiren Zorongok irabazi zuen Oilarraren estropada, bigarrena Garabato izan zen eta hirugarrena Symphony. Abran 75 itsasontzi bildu ziren egun horretan. Dena den, haizeak ez zuen askorik lagundu eta ontziak talka ez egiteko neurriak hartu behar izan zituzten antolatzaileen. Aurtengoan horrelakorik ez gertatzea espero dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun