Santurtziko 29 urteko gaztea atxilotu zuen atzo Ertzaintzak, ustez, Neguri auzoko etxebizitza batetako trastelekuetan lapurtzen saiatzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak gaur jakitera eman duenez, etxe horretako bizilagunek lapurra atzeman eta polizia agenteak bertara heldu arte eduki zuten.
Enrique Aresti kaleko etxebizitza batetan izan ziren gertaerak, 16:00ak inguruan. Komunitate osoak erabiltzen duen garajeen parean dauden trastelekuetan, lapurtzen saiatzeagatik, bizilagunek eta zinpeko jagole batek gazte bat hartuta zeukatela ohartarazteko deia jaso zuen, ordu horretan, Ertzaintzak.
Bertara joan ziren polizia agenteek JI.C.P. atxilotu eta trastelekuetan hainbat apurketa bazeudela ikusi zuten: bere lekutik ateratako zerrailak eta apurtutako ate bat ere bai. Horrelako delituengatik aurrekariak baditu gizonak. Atxilotua Getxoko Epaitegira eraman dute gaur.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.