Leioako San Bartolome auzoko "garapenerako egitasmoei amaiera emateko", azpiegitura hobeagoak eta oinezkoentzako gune berriak egingo dituzte. Besteak beste, gaur egun erortzear dauden Oblatuen eliza eta Bizkaia geriatrikoa botako dituzte. "Jabeen eta udal arduradunen arteko negoziazioei esker, horiek bota eta aisialdirako gunea jarriko da bertan", Karmelo Sáinz de la Maza alkateak adierazi duenez. Auzoak hezkuntza eta kultura eskaintza zabalagoa ere edukitzea nahi dute.
Sagarrabarrena parkea eta Kultur Etxearen aurrean eraiki nahi duten plaza lotuko ditu oinezkoentzako ibilbide berriak. "Leioaztar guztien bizitza-kalitatea hobetuko da horrela", udal arduradunen ustez.
Horretaz gain, gune horretarako sarbideak hobetu nahi dituzte, San Bartolome eta Joaquin Achucarro kaleak eraldatuz. Bietan trabesean aparkatzeko lekuak, argiztapen berria eta zuhaitzak jarriko dituzte.
Beste alde batetik, ekimen pribatu askeko 40 etxebizitzetako eraikina egingo dute. Horre esker, 1.330 mila euro eskuratuko ditu Udalak, Kultur Etxea bera eta ingurunea egokitzeko asmoz.
Azkenik, San Bartolome ikastetxe publikoa handiagotzeko lanak egiteko baimena eman du Leioako Udalak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarena izango da gimnasio eta jantoki berriak egiteko ardura.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.