Erandioko etxebizitzatan lapurtzen zebilelakoan, gazte bat atxilotu dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 30a, 20:06

Mutil bat atxilotu dute goizaldean Leioan, ustez, Erandioko etxebizitza batzuetan sartzen saiatzeagatik lapurtzeko. Ertzaintzak jakitera eman duenez, etxeetatik hurbil dagoen enpresa batetako bulego barruan atzeman zuten agenteek F.E.S. 24 urteko leioaztarra.

Etxea Avanzada errepide parean daukan Erandioko emakumea egin zuen salaketa. 3:00ak aldera, txakurrak zaunka entzun eta leihora atera zenean, etxebizitzara sartu nahian, mutila horma igo nahian zebilela ikusi zuen andreak. Honek agirika egin eta alde egin zuen gazteak.

Handik minutu gutxira, beste bizilagun baten deia jaso zuen Ertzainak, norbaitek bere balkoiko kristalak apurtzen ari zela ohartaraziz. Ustezko lapurra atzeman nahian, hainbat patruila abiatu ziren lekura. Bertara heldutakoan, etxebizitzetatik hurbil baina Leioako udalerrian kokatuta dagoen enpresa batetara sartu ziren agenteak, norbaitek atea indarrez zabaldu zuela ikustean.

Barruan, F.E.S. 24 urteko leioaztarra atzeman eta atxilotuta eraman zuten ertzainek. Etxebizitzetan eta enpresa horretan lapurtzen saiatzea egotzi diote gazteari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun