Udal aurrekontuak erretira ditzatela eskatzeko, astelehenean amaituko da epea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 31a, 20:10

Azaroaren 28ko udalbatzan, 2004ko udal aurrekontuen behin-behineko onarpenaren aurrean, erreklamazio ereduak (pdf) prestatu ditu Getxo Biziak. Plataformako kideek adierazi dutenez, jada 42 pertsonek sinatu eta aurkeztu dute erreklamazio hau udal erregistroan. Datorren astelehenean, urtarrilaren 5ean, agortuko da aurkezteko epea. Udal aurrekontuen behin behineko onarpena baliogabea dela aldarrikatu eta aipatu aurrekontuak erretira daitezela eskatzen dute. Erreklamazio hauen bidez, bilkura horretako eztabaida eta bozketa oro "zilegitasunik gabekoa" dela salatu nahi dute Getxo Biziko kideek, udalbatzarra maiatzaren 25eko hauteskundeetan herritarrek bozkatutakoaren arabera osatuta ez dagoela adieraziz.

"Hauteskundeen emaitzen arabera osatu beharreko udalbatzan EAJ-EA-EB udal gobernuak ez du gehiengoa. Bozketak aurrera atera ahal izateko beste inoren aldeko botoa ala abstentzioa behar du eta aurrekontuen bozketan, gobernuarenak ez diren boz guztiak kontrakoak izan dira", diote plataformakoek. Horretaz gain, Getxo Biziak Pili Askorbebeitia zinegotziaren bitartez, aurrekontuak aldatzeko proposamena aurkeztu zuela gogoratu nahi dute; osoko bilkuran irakurri, eztabaidatu eta bozkatu gabe geratu zena.

Aurrekontuen edukinari dagokionez, politikariek "herritar guztion artean" ordaindu behar zaien "soldata potoloak" igo dituztela salatu nahi dute. Horretaz gain, 2004 urterako jarri diren hainbat zerga eta tasa, zarama bilketarena adibidez, "iruzurra antidemokratiko bitarte" ezarri egin direla uste dute Getxo Biziko kideek.

Azkenik, udal aurrekontuek 'Berria' egunkarirako, Euskal Herriko selekzio nazionalaren aldeko edota etxebizitza eskubidea getxoztar guztiontzat eskuragarri egiteko ekimen ezta dirurik ez dutela aurrikusten kritikatzen dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun