Uribe Kosta, uri kosta ahala kosta - Christian Reinicke / Getxo Bizia-ko kide

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 31a, 20:16

Jada ez gaitu ezerk harritzen. Qualityz eta geruza berdez jantzita datoz diskurtso, proiektu eta plangintza oro, baina xaboi eta baselina gehiago ala gutxiagorekin Uribe Kosta Bilbao metropoliaren sukurtsal erresidentziala bilakatzen ari da. Nork, zerk, nola, zergatik herri desberdinez osaturiko eskualdea metropoliaren hiri erresidentziala bilaka arazi?

Joera eta asmoa ez dira berriak, plana ordea bai. Bilbao metropolitarreko PTP edo LPZ deitzen diote eta pasa den uztailean onartu zuen behin behingoz Bizkaiko Foru Aldundiak. Legez beharrezkoak diren tramiteak eta flash informatibo batzuk, besterik ez bizileku dugun espazio fisikoan eta ondorioz bizimoduan, giza harremanetan eta kulturan hain eragin haundia izan dezakeen plangintza herritarroi ezagutarazteko.

Duela aste batzuk Sopela Aurrera plataformak informazio hitzaldia eskeini eta eztabaidarako gonbitea luzatu zuen: 16 urtetan etxebizitza kopurua bikoiztea aurreikusten da, dentsitate altuko auzuneen gerrikoa eraiki, mendebaldeko eta ekialdeko errepide berriak saihesbideen eraztuna osatuz.

Berangon Kurtze txiki geratzen da planoetan zirriborratzen diren dentsitate altuko auzuneen aldean.

Getxon lanaren erdia eginda daukate, PTP hau eta indarrean dagoen Getxoko hirigintza plangintza egin dituen enpresa berbera delako, MECSA. Lehenengo urratsa udalerri osoa, Areetatik Barinatxe hondartzaraino urbanizagarri bihurtzea izan zen. Bigarren pausua dentsitatea igo, demagun, lau etxebizitza egiteko aukera zegoen tokian orain zortzi egin ahal izango dira.

Zertarako hainbeste etxe? Getxon adibidez etxebizitzen % 15a hutsik dago. Plangintza berak ere ez du populazioaren haunditzea aurreikusten, PTParen eremu metropoliarrean 2001 urteko 895.749 biztanle izatetik 2018an 845.631etik 908.258ra izatera demografia hipotesien arabera. Eta hala ere, indarrean dauden hirigintza plangintzetan aurreikusten direnez gain, eremu berean gutxienez 77.376 etxebizitza berri proposatzen dira eta gehienez 109.006. Uribe Kostan gutxienez 30.835 eta gehienez 46.298. Uribe Kosta hiri infinitoa eta etxebizitzen prezioak gora ta gora... beti.

Erabaki guzti hauek bankarekin harreman zuzena duten MECSAko buruak, foru aldundiko teknikari batzuk eta politikari gutxi batzuk ere hartzen ari dira herritarrei ezer galdetu gabe. Administrazio gogor eta autoritarioa, parte hartze prozesuetaz eta herri galdeketetaz ezer jakin nahi ez duena, eta gainera oraingoan ezker abertzalearen bazterketa politikoa baliatzen ari dena udaletxe eta batzar nagusietan oposizio ezerosorik gabe neoliberalismoaren zigilua daraman lurralde antolaketa plangintza onartzeko.

Getxo Bizia alegazioak prestatzen ari da eta urtarrila honetan hitzaldi eta mahaiinguruak antolatuko ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun