Erandioko ikasleek beste udalerri batzuetara joan behar omen dute ikastera asteburuetan, Altzaga liburutegia eta Yosu Murueta ikasketa-gela itxita daudelako, Ruizek gaur kaleratutako prentsa oharrean adierazi duenez. "Honek asaldadura baino ez du sortzen ikasleengan, bidaietan denbora galtzeaz gain, liburutegietan lekua lortzeko ilada luzeak egoten direlako", gaineratu du PPko bozeramaleak.
Are gehiago, EAJk eta EAk osatzen duten Udal Gobernua jo du egoeraren errudun: "Hau ez litzateke gertatuko, udal gobernuak ikasketa-gelak asteburuan zabalik izateko borondatea baleuka; horrela eskatu zuen gure alderdiak pasa den legegintzaldian, baina ez genuen ezertxo ere lortu".
Horretaz gain, ikasketa-gelen ordutegia etengabekoa izan beharko litzatekeela adierazi du Ruizek, "azterketak prestatzen dagoen ikasle batentzako oraingo ordutegia nahikoa ez delako".