Kabalgataren lehenengo zatia Andra Mari Kiroldegian hasiko da, eta handik abiatuta Getxo auzunea eta Algorta zeharkatuko ditu. Maidagan kaletik jaitsi eta Aingeruaren Etorbidea, Telletxe, Algortako Etorbidea, Maria Andresena kaleetan barrena ibiliko da, berriro ere Telletxetik igaro, eta Algortako Etorbidean ibili ondoren, Kasino aurrean amaitzeko. Lehenengo atal hau egiten dutenean, Errege Magoak Algortako Getxo Antzokira joango dira txikienen eskariei erantzuteko.
19:30ak aldera, kabalgataren bigarren atala hasiko da. Oraingoan Areeta eta Erromoko auzuneetan ibiliko dira. Maximo Agirre, Santa Ana, Kale Nagusia, Ezekiel Agirre, Kresaltxu, Gorbeia Mendia eta azkenik Gobelaurre kalea izango dute ibilbide. 20:15ak inguruan burutuko dute ibilbidea eta, orduan, erregeak umeekin egongo dira berriro, Andres Isasi Musika Eskolan.
Eskualdeko beste zenbait herriei dagokionez, jaiotza bizia eta opariak ematea egongo dira, 19:00etatik aurrera, Sopelako Urgitxeta Plazan. Ordu erdi beranduago, berriz, Erregeei harrera egingo zaie udaletxean eta txokolate jana egongo da.
Gorlizen, Eliz Plazatik abiatuko da kalejira, 18:00etan, herriko txokoak zeharkatzeko.