Berriro ere greban San Jose udal egoitzako langileak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 7a, 22:58

"Lan-baldintza hobeagoak eta soldata handiagoak" eskatzeko, greba mugagabean daude Erandioko San Jose udal egoitzako hamaika langile. Besteak beste, garbiketa, harrera eta 'office' zerbitzuetan egiten ari dira lanuzteak. Adinekoak zaintzeaz arduratzen diren lan-itunpeko tituludunak, aldiz, normaltasun osoz dihardute lanean.

"Kontratu aldaketa zela argudiatuz, hainbat hobekuntza eskaini die lan-itunpeko tituludunei Erandioko udalbatzak", salatu dute greban dauden langileek. Hauen iritziz, langile guztientzako izan beharko lirateke hobekuntzak, guztiak "lan-hitzarmen berberapean" dihardutelako zentroan.

Langileen bozeramalearen hitzetan, "langile bakoitzaren katalogazioa oinarri hartuta, berbera izan beharko litzateke guztiontzat soldata igoera". Garbiketa sektoreko lan-hitzarmenaren arabera, besteen aldean 96 euro gehiago baino ezin dute kobratu lan-itunpeko tituludunek. "Gaur egun 660 euro gehiago ordaintzen dizkiete", salatu dute grebariek. Izan ere, %70 igo omen diete soldata.

Negoziazioek fruiturik ez

2003ko apirilean ere grebari ekin zioten Garbialde SAL enpresako langileek. Baina "Erandioko alkateak negoziatzeko emandako hitzari" kasu eginez, berriro ere beharrean hasi ziren hamar eguneko lanuztearen ondoren. Grebariek salatu dutenez, "bere hitza ez du bete alkateak", garai horretan, langileen eta udal ordezkarien artean zabaldu zen negoziazio mahaian "baztertuta" utzi baitzituzten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun