Algortako kuartela tabu bihurtu da gure udalerriko politikagintzan. Ezker abertzalearen bandera historikoa izateaz gain inork gutxik mugitu gura izan du ur zikinon ondoa. Egongo ez bailitzan egiten du alkate jaunak. Inoiz ez diot iritzirik entzun gai horren inguruan. Ez! Barkatu. Kuartelaren aurkako ekintzak egon direnean entzun izan diot elkartasun adierazpenik. Bestela, isiltasun osoa.
Jakin gura nuke Getxoko lehenengo alderdia den horren bozkatzaileen iritzia kuartelaren gainean. Eta bide batez Getxotar guztiona. Susmoa baitut, kuartel inguruan bizi den jendearen aurpegietan eta kale horretako etxebizitza salmenta ahalegin etengabeetan oinarriturik, jendeak ez dituela txapelokerrak gehiegi maite. Are gehiago bizikide edo auzoko moduan.
Beste kontua litzateke zenbat eta kuarteletik urrunago bizi axolagabekeria maila handitzea. Gertutasunak eramaten baikaitu askotan bestela hartuko ez genituzkeen erabakiak hartzera. Horrela balitz ondo legoke kuartela kentzearen aurkako direnen etxe ondora eramatea. Beraien etxeekin babes daitezen , gaur gureekin egiten duten bezala.
Ez dakit zelan uztartzen duten batzuek bake eta eskubideen aldeko diskurtsoa herritarron borondatearen aurkakoa den okupazio militarraren gaia ostenduz. Hainbeste euskal herritar torturatu eta hil dituen gorpu militarrak gure etxetik kanpo egon behar luke. Benetako arriskua suposatzen dutelako euskal herriaren alde ari den ororentzat. Berdin dio zer ideologia duen, azken operazioetan ikusi ahal izan dugun moduan.
Eta zer egin genezake hori jendea kanporatzeko? Badakit ez daukala erantzun erreza. Baina gure sentipen kolektiboak plazaratu behar lituzketen erakundeek gutxieneko ahalegin bat egin beharko lukete. Euren jarrera definitzea baino ez bada ere. Getxotarron iritzia jakin dezaten behintzat.
Ia artikulu hau ez duen haizeak eramaten. Hainbeste jenderen lanaren antzera. Beren eserlekuetan eroso dauden horiek ezer egin aurretik.