Surflari batek Prestigen aseguru-etxearen aurka aurkeztutako demanda onartu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 9a, 19:01

Prestige pretoliuntziaren aseguru-etxearen aurka, Sopelan aritzen den surflari batek aurkeztutako eskaera onartu du epaitegi batek. Orotara, 470 euro eskatu ditu Getxoko gazteak, surf-ohola eta neopreno jantzia kostatu zitzaizkion diru kopurua alegia. Estreinatu eta egun gutxitara, erabilezinak geratu ziren galipotarengatik.

Oraindik ere, kostaldera heltzen jarraitzen dute Prestige pretoliuntziko hondakinek. Pasa den asteko ekaitzaren ondorioz, Sopelako Arrietara hondartzan ere galipota aurki daiteke egun hauetan. Baina surflariek ez dute amore eman momentuz.

Espainiako Gobernuaren aurka zer eginik ez dagoela ikusita, Prestigen aseguru-etxeari oholaren eta jantziaren kalteen zenbatekoa eskatzea erabaki dute, abokatuak diren gazte getxoztarraren bi lagunek. Epaitegian aurkezten den mota honetako lehendabiziko eskaera da honako hau, eta onartua izan denez, laster helduko dira Sopelan aritzen diren beste surflarien eskaerak. Guztia ondo ateratzen bada, asko izan daitezke bide honi ekiten dioten Prestigek kaltetutako lagunak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun