Gainera artean nolakoak garen ez dakigun arren iraunkorki nolakoak izan nahi dugun hausnartzera kondenatzen gaitu. Etengabe zoriontasuna amesteak errealitatea zoriontasun ezan irudikatzera garamatza derrigorrean. Alea jacta est.
Gizon eta emakume frustratuk osatzen dugun gizarte frustratua da beraz nik ezagutzen dudana. Frustrazioarekin bizitzen ikasi dugu eta beherapenak aprobetxatuko ditugu, kontsumismoaren atzaparretan galduak, gure frustrazioak osagarri eta jantzi liluragarriz zertxobait mozorrotzeko. Baina etsipenetik haratago egiatzat hartu dugun errealitatea eraldatzen saia gaitezke frustraziotik ihes egiteko.
Autodeterminazioa, indibiduala zein kolektiboa, tresna baliagarria da horretarako. Nork bere burua autodeterminatzetik hasita egokitu zaizkigun izen, adina, jaioterri, nazionalitate, erlijio, sexu eta abarrekoak aldatu edo aldarrikatu ditzagun konpleju eta beldur barik. Gero, desobeditzera.
Badira ni bezala izena, sexua eta izatearekin erdi konforme egonagatik frustrazio kolektiboari erreparatzen diotenak gure artean diren autodeterminazio eta desobedientziaren egintza eredugarri batzuk kontuan hartu barik, Jose Ignacio izena eman zioten Irene nire lagunarena kasu. Baina Irenek egin duena egiteko frustratua izateaz aparte kontziente eta ausarta izan behar da. Aska gaitezen ezarritakoaren tiraniatik. Gure frustrazio indibidual eta kolektiboen prospekzioa egin dezagun, autodetermintatu gaitezen eta desobeditu dezagun. Gora demoak!