Telekomunikazioetarako oinarrizko estazioak eta uhin-lotura tresneria jartzeko lurzoru publikoa erabiltzea baimentzeagatik, 1.100 euro baino gehiago jasotzen ditu hilean Getxoko Udalak, telefonia mugikorreko hainbat enpresen eskutik.
Guztira, zortzi dira udalerrian dauden mota honetako ekipoak: horietatik hiru Martikoena ur-biltegian, bina ekipo Areetako merkatuaren gainean eta Matxikortiñe ur-biltegian eta beste bat Algortako Kultur Etxea zegoen Urgull kaleko eraikinaren gainean. Loiun Getxoko Udalarenak diren instalazioetan ere beste bat jarri dute.
Telefonia mugikorreko errepikagailuen instalazioa erregulatzen duen araubidea badauka Getxoko Udalak. Horren arabera, hiru metro baino gehiagoko altuera ezin dute inola ere eduki horrelako ekipoek. Gainera, begiarekiko eragina ekiditzeko, eraikinaren kanpoko ertzetik zenbat eta hurbilago egon, gero eta txikiagoak izan beharko dira. Horrela, antena kaletik ikustea saihestu nahi dute.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.