'Eskerrik asko elkartasunagatik' irakur zitekeen pankarta zeukaten eskuetan Egunkaria-ko langile ohiek. Juan Mari Larrartek ere parte hartu du konzentrazioan. Izan ere, eskerrak eman nahi izan dizkiete, orain hamaika hilabete, kazetaren aldeko elkartasun ekintzan parte hartu zuten EHUko 39 ikasleei.
Desobedientzia zibila leporatzen dieten gazte hauen aurkako salaketa artxibatzea eskatu dio epaileari Otamendik. Bere ustez, ez dauka zentzurik 2004ean, itxialdi bat egiteagatik gazte batzuk "epaitegian amaitzea", "Egunkaria-ren itxieraren aurka, Euskal Herriko txoko guztietan, milaka lagun konzentratzen ari ziren bitartean". "Zer zentzu dauka egoera horrela teinkatzea. 2004ean ezetz esan beharra dago horrelako gertaerei, ez dela zilegia horrelakorik egitea hain zuzen", gaineratu du.
Ikasleak "kondenarik ez jasotzea" nahi dute Egunkaria-ko langile ohiek. Hori dela eta, elkartasuna adierazteko, gaur beraikin batera epaitegian egotea erabaki dute. "Kasua bertan behera uztea eskatu nahi diogu epaileari, gazte hauek unibertsitatera itzul daitezen; han egon behar baitute", gaineratu du Otamendik.
Martxoaren 7an izan ziren gertaerak, Espainiako Audientzia Nazionaleko Juan del Olmo epaileak Egunkaria itxi eta 15 egunera. Hori salatzeko astebeteko itxialdia egitea erabaki zuten ikasleek martxoaren 5ean, Leioako campuseko kafetegiko eraikinean. Ertzaintzak bertatik kanporatu zituen, EHUko Errektoretzak hala eskatuta.