Baina bizitza modernoak inposatzen duen zurrunbiloan, inon ez da su horren epeltasuna nabari. Izan ere, gabonetan kaleetan argiak neurri gabe pizten ditugu, opariak eta janaria neurri gabe erosten ditugu, eta orokorrean neurri gabeko kontsumoa nagusitzen da... Gauza guztietan 'neurrigabekeria' inposatzen da, merkatuari eta batez ere merkatari handiei oso ondo datorkiena.
Horren gainean esan behar dut ohitura horiei jarraituz, inoiz baino nazkatuago egon naizela. Ezin dut ukatu gabon gaueko Olentzeroren inguruko ospakizuna atsegin dudala, herri osoa Olentzeroren inguruan abesteko eta dantza egiteko batzen denean. Horren jarraipena familia giroan afaria egitea da, eta hurrengo egunean seme-alabei Olentzerok ekarritako jostailu eta opariak.
Horren inguruan sortzen den giro onak gabonei halako xarma berezia ematen die. Baina egun horretan berriz ere neurri gabe jaten hasten gara; ospakizuna luzatzen dugu baina dagoeneko ilusio handirik gabe, tradizioz urtero ospatu duguna ospatzen segitzen dugu zer ospatzen dugun ondo jakin barik. Handik sei egunetara, Gabonzaharra!. Urtea amaitu eta berria hasi behar duen aitzakian, berriz ere 'neurrigabekeria' dugu nagusi. Urteberri eguneko bazkariaren ostean halako nazka bat sortzen da, gehiegi jateak, edateak, halabeharrez ospatzeak sorturiko nazka.
Aurten, ostera, Urteberri egunean gauza on bat gertatu zitzaigun. Arratsaldean osteratxo bat egitera joan, eta etxera bueltatzean argirik ez zegoela konturatu ginen. Ordu bi egon ginen etxean kandelek sortutako argiaren inguruan: jezarrita, patxadan eta familikoekin berbatan kontu kontari. Ezin da hitzekin azaldu orduan sentitu nuen plazerra, aspalditik ez nuelako sentitzen etxeko giroan sor daitekeen epeltasuna.
Olentzero sua berriztatzera etorri zitzaigun, baina ordura arte ez nuen su horren eraginik somatu. Argi barik, telebista barik, zarata barik... bakea erabatekoa zen, eta (agian kandelen suaren magiagatik edo) ordu batzuetan suaren epeltasuna sentitzeak norbere osasunerako eta barne egoerarako komenigarria den konturatu nintzen.
Urtero esaten dugu Olentzero sua berriztatzera datorrela, baina zer eragin du horrek 'neurrigabekerian' biziz suari epeltzeko aukerarik ematen ez badiogu?. Nik ezagutu dudanaren arabera Olentzero eta bere izaera ezagutzeak aldaketa bat suposatu zigun, era horretan herri legez geure burua hobeto ezagutzen hasi ginen eta.
Orain bigarren aldaketa etorriko litzateke, hau da, zurrunbilo argitsuak eta zaratatsuak alde batera utzita suaren epelean egoteko sasoi bat bizitzea. Ospakizunak gogorik daukagunean egitea eta benetako epeltasunean, ingurukoekiko eta familiarekiko harremanak zentzu guztietan aberastea, naturak ematen digun epeltasunaz gozatzea (inguruko mendietara, kostaldera ostera batzuk egitea)... oro har sasoi batez 'argirik gabe' bizitzea, ondoan argi naturala baino ez dugula, era horretan geure burua gizaki legez ere ezagutuz.
Azaldutakoak asmo politak dira, baina benetan kapaz ote gara merkatuak inposatzen digun morrontza horri uko egiteko?. Nik sinetsi gura nuke egun batean gabon gaua epel eta gozo pasatuko dugula, neguko solztizioaren ospakizunak ase uzten gaituela (eta ez nazkaturik), Olentzeroren suak sortutako giroaren epelean.