Gaueko 22:30etan, EITBko lehenengo katean ikusi ahal izango ditugu hiru hilabetez Ondarroako barnetegian saiatuko diren hamalau lehiakideak. Haien artean Erika, Eneko eta Fakundo izango direlarik.
Fakundo izango da seguraski eskualdeko lehiakiderik ezagunena. Orain dela urteak familiarekin Euskal Herrira etorria, Berangon bizi da eta Algortako Lauaxeta AEKren euskaltegian ikasi du euskara. Discos Suicidas Algortako disketxean aritu da lanean eta kazetaria da. Bere aitarekin batera, "Resumen Latinoamericano" ezkerreko aldizkarian aritzen da. Txapelketan sartzeko arrazoi bakarra, antza, bere euskara maila hobetzea izan da. Ez da inondik inora taldeko zaharrena baina 31 urterekin nagusietarikoa da.
Erika LIkete, aldiz, lehiakiderik gazteena da 19 urte dituela. Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean publizitatea ikasi arren, azterketa garaia Ondarroan emango du. Gurasoek auskalo zer esango duten horretaz.
Eskualdeko hirugarren kidea eleanitza dugu. Frantsesa, ingelesa eta baita alemana ere badakizki Eneko Sanz algortarra.
Haiekin batera, Bizkaian bizi den estatubatuar bat, beste hiru bizkaitar, Kantabriako kide bat, hiru gipuzkoar eta Nafarroako hiru kide arituko dira.
Tailerrez, probaz eta kamera aurreko aitorpenez arduratuta, euskara klaseetan propio egunero ordu bakarra baino ez dute emango barnetegi arraro samar honetako partaideek.