Ehuneko 50era bitarteko dirulaguntza emango die herriko musika taldeei Berangoko Udalak, saioak egiteko behar dituzten lokalak alokatzeko. Orain dela hilabete gutxi martxan jarritako Gazteen Aisialdi Arduratsurako Sentsibilizazio Planaren barruan dago ekimena. Besteak beste, "botiltzarra" bezalako ohiko jarduerei, alternatibak bilatzeko asmoa dauka egitasmoak.
Ekimen berri hau aurrera ateratzeko, herrian bertan egoitza daukan "Grabasonic" grabaketa-etxearekin akordioa lortu du Udalak. Horrela, berangoztar gazteen eskura egongo dira enpresa honek dituen entseiu lokalak. Alokairuaren gastuei aurre egiteko, ehuneko 50era bitarteko dirulaguntza edukiko dute musika taldeek, beti ere 60 euroko diru kopurua gainditzen ez bada.
Interesa dutenek NANarekin aurkeztu beharko dira Udal Bulegoetan. Astelehenetik ostiralera bitartean egongo dira zabalik, 9:00etatik 14:00ak arte. Eta larunbatetan, 9:00etatik 12:00ak arte.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.