Udal Gobernuaren etxebizitza politika kritikatu du Berangoko IU-EBk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 13a, 21:36

"PSE-EEren ezinbesteko laguntzarekin", Berango "gizarteko goi-klaseentzako feudoa" bilakatu nahi du Udal Gobernuak (EAJ-EA), Koldo Martínez IU-EBko ordezkariak salatu duenez. Etxebizitzen eraikuntza Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen ari den Lurralde Plan Partzialak ezartzen duen gutxiengoaren azpitik dago, zinegotziak adierazitakoaren arabera, "debekuzko prezioetan gainera".

Berangoko IU-EBko zinegotziak azaldu duenez, 16 urteko epean eraiki beharreko etxebizitzen gutxiengoa ehuneko 24ean jeistea erabaki zuen atzo udalbatzak, EAJ-EA eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak 4.430tik 7.220rako etxebizitza kopurua egitea proposatzen duen bitartean, gutxiengoa 3.369an jartzea erabaki du Udal Gobernuak.

"Etxebizitzen gaineko espekulazioaren aurkako borrokan atzerapausua" suposatzen du, Martínezen iritziz, Lurralde Plan Partziala aldatzeko erabakia. Bere hitzetan, Berango "gizarteko goi-klaseentzako feudoa" bilakatuko da erabakiaren ondorioz, "salneurri altuen eraginez, bizilagun askok herria utzi beharko dutelako, eta ingurukoak ere ezin izango direlako Berangora bizitzera etorri".

IU-EBren ustez, "oso ondo diseinatuta" dago Lurralde Plan Partziala, etxebizitzak egiteko, inguruetako lurzoruaren "zentzuzko" erabilera planteatzen duelako. Berangoko EAJk, aldiz, planteamendu "klasista" bat defendatzen ari dela diote. "Garaiera gutxiko etxeak eraikitzearen alde agertzen dira, gizarteko goi-klaseen eskura jartzeko; eta bide batez, Bizkaiko beste herrietako gazteak Berangora bizitzera etortzeko, Babes Ofizialeko Etxebizitzak egitearen aurka daude", adierazi du Martínezek.

Eraikinen garaiera handitzearen eta familia bakarreko etxeak egiten uztearen alde agertzen da IU-EB, honek "lurzorua zarrastelkeria" suposatzen duelako eta "ingurumenari dagokionez sostengaezina" delako. Gizarteari dagokionez, "banaketa" dakar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun