Baina batzuk galdetuko duzue ia zer den Mundialito delako hori. Ez dakit inoiz ikusi duzuen, baina Txopoeta auzoan domeka goizetan hor ibiltzen dira etorkinak futbolera jolasten. Edozein herrialdetakoak dira: Kolonbia, Bolivia, Mexiko, Maroko... Adrián Vazquez kolonbiarrari eta berarekin jolasean ibiltzen zirenei bururatu zitzaien zergatik ez talde guztiak elkartu eta txapelketa bat egin. Leioako Udalera jo zuten laguntza eske eta euren ametsa egi bihurtu zen. Konstituzioaren zubian martxan jarri zen Mundialito-a izugarrizko arrakasta edukiz. Talde asko leku barik geratu ziren eta datorren urterarte itxaron beharko dute.
Domekero elkartu dira taldeak euren artean lehiatzeko, eta esan bezala 11an jolastu zen finala. Final hori Combinado Latino Americano-k eta Euskadik jolastu zuten. Ikusten duzuenez, euskaldunok toki guztietan gaude!
Neurketa baino ordu erdi lehenago kriston giroa zegoen armailetan. Hego amerikarrak oihukatzen, dantzatzen, olatua egiten... Partidua hasi eta gutxira Euskadik bere lehen gola sartu zuen. 5 eta 0 irabazi zuen Euskadiko Selekzioak.
Askok pentsatuko dute soilik futbol txapelketa zela, baina oker daude. Herrialde askotako jendea batu egin da. Kultur desberdinen arteko trukea izan da eta hor jolasean ibili direnentzat esperientzia aberatsa. Partiduak eta gero elkarrekin geratzen ziren bazkaltzen, euren herrialdeei buruzko bitxikeriak kontatzen zituzten...
Esaten dute futbolak gorrotoa sortzen duela, hitz zatarrak entzuten direla, helburu bakarra irabaztea dela... Kasu honetan, kontrakoa izan da. Gure eskualdean dauden ia etorkin guztiak bat egin dute futbolaren inguruan. Irakatsi digute, nahiz eta arraza desberdinekoak izan, kultura desberdinekoak izan elkarrekin egon gaitezkeela.
Gogo barik joan nintzen Sarrienako futbol zelaietara (eta hori futbolari ohia naizela), baina merezi izan zuen goiz jeikitzeak eta partiduaz eta giroaz gozatzea. Ia datorren urtean bigarren edizioaren berri ematen dizuedan. Bizi luzea Mundialito-ari!