Getxo Bizia plataformak bultzatutako alegazioetan hiritarrek quorumik gabe onartzeagatik zerga berriak legezkoak ez zirela esan zuten beren idazkietan. Quorum eza azaltzeko, auzokideek Getxo Biziak ateratako ia 3.000 botuengatik Pilar Askorbebeitia plataformako zerrendaburuari dagozkion zinegotzi kargua eta botua Aitor Lafuente Ezker Batuko kideak lapurtu dituela gogoratu zuten. Era horretan, hamahiru botuekin onartutako zerga ordenantzak bertan behera gelditzea eskatu zuten 192 hiritarrek, Getxo Biziaren botua ezezkoa izan behar baitzuen, alegia, Aitor Lafuentek bozkatutakoaren kontrakoa.
Era berean, hiritarrek alegazioetan gehiegizko igoerak egiteagatik kritikatu zituzten onartutako zerga berriak.
Getxoko Udaleko idazkari nagusiak alegazio hori aurkeztu zuten 192 getxoztarrei egunotan bidali dien gutunean 2003ko azaroaren 28ko Getxoko Udaleko Batzar Osoaren aktaren zati bat ekarri du gogora. Bertan, Ogasun Batzordearen proposamenez alegazio guztiak "aplikatutako gehikuntzak eta onesteko 'quoruma' egokiak izan direlako eta bat datozelako zuzenbidearekin" atzera bota zirela jaso da.