Salba ditzagun gure balea txikiak - Xabier Kintana / EHUko irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia
Segur aski istorio hau duela hamabost bat mila urte hasi zen, azken glaziazioaren amaieran. Garai hartan, hegoaldeko animalia batzuk ordura arte izotzek estaltzen zituzten lekuetarantz hedatzen hasi ziren, bizi-eremu berrien bila. Animalia horietako batzuk Euskal Herriaren hegoaldean gelditu ziren, Arabako lautadan eta Nafarroako lurralde lehorretan, iparraldeagoko klima hezea eta zoru belartsua haien bizimodurako desegokiagoak zirelako.
Halere, animalia hauetako batzuk, ausartenak nonbait, Gorbeialdea gainditzen saiatu ziren. Lehenik hegoaldeko aldapa epeletatik, geroago mendien egutera aldetik. Azkenean animalia horietako batzuk, konta ezineko oztopoak gainditurik (klima hotza, euri-zaparradak, belardi jasoen etengabeko langak, sugeak eta beste animalia hondakarien arriskuak...), belaunaldi askoren ahalegin neketsuen ondorioz, gure itsasoaren bazterreraino heldu ziren.

Hor bizitoki egokiagoa aurkitu zuten. Hondartzen ondoan belarra ez zen oso handia hazten eta errazago ibil zitezkeen, belar luzeekin oztopatu gabe. Harea, bestalde, biguna zen eta erraz zula zezaketen, haren barruan habia eta babeslekuak egiteko. Klima, bestalde, hor epelagoa zuten.

Horrela ba, ehundaka edo beharbada milaka urte igaro ondoren, gure kostetara heldu ziren animalia horiek, Euskal Herrian oraindik oso jende gutxi bizi zenean. Egunez ezkutaturik egoten ziren hondartzetako dunetan.

Arrats-gauetan, ordea, kanpora irten eta hondarretatik ibiltzen ziren, intsektuak harrapatzen eta jaten. Hondartza horietan, gainera, beti egoten zen gatz gabeko urguneren bat. Izan ere, ur askorik ez zuten behar. Nahikoa izaten zuten han itsasoratzen zen errekasto edo ur-xirriparen bat, bertan beren arrautzak errun eta zapaburu batzuk hazteko.

Eta horrela, gure kostaldean, animalia horiek, taldetxo apaleta, bizi izan dira duela urte gutxira arte, inor gutxi haien existentziaz ohartu gabe. Gauzale izatea, zalantzarik gabe, bistako abantaila zen, hondartzetara joaten hasi ziren pertsonek bakean uzten zituzten eta. Haiek utziriko hondakinen inguruan, gainera, euliak eta bestelako intsektu batzuk pilatzen ziren, eta horiek ere ongi etortzen zitzaizkien beren gosea asetzeko.

Baina egun batean, udaleko arkitektoren batek, gure animaliatxo horien berri jakin gabe, Arrigunagako hondartzan itsasoratzen zen ur-errekasto nimiñoa ez zela oso osasungarria pentsatu eta bera hodipean ezkutatzea erabaki zuen, ordura arteko ur ageria lurpean estaliz. Udal erabaki horren ondorioz, milaka urtetan gure hondartzan isilik, ezkutuan, inori kalterik egin gabe, bizi izandako apo lasterkariak (Bufo calamita) betiko joan zaizkigu, kumeak egiteko aukera eskaintzen zien ur-errekasto txiki hori kendu diegulako.

Gutariko asko oso kezkaturik eta haserre egoten gara japoniarrek eta norvegiarrek oraindik urtero hiltzen dituzten balea gaixoengatik. Gurean ez dago balea handirik, baina gu bezain bertokoa edo bertokoagoa den fauna handi zein txikiagatik, lehorreko balea txiki horregatik adibidez, ezer egiten ez badugu, hipokrisia hutsezkoak izango dira urruneko animalien aldeko gure protesta-planta guztiak.

Donostian, bertako auzo batean bizi den zuhaitz-igel txiki baten alde (Hyla meridionalis) udalak babes neurri zorrotzak jartzen jakin du. Horrenbeste kostatuko litzateke Getxon ere, Arrigunagan, apo lasterkarientzako urtegitxo bat egitea, ingurua babesgune moduan utzirik? Erraz etorriko lirateke berriro ere apo begiko horiek milaka urteetan berena izan duten hondartza horretara, gure fauna aberastuz..

Informazio gehigarria:

Apo lasterkaria, begirik ederrenen jabe