Euskaldunok eskubide gosez - Iñigo Fernandez de Martikorena / EHEko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 18a, 21:20

Orain bi aste gutun bat jaso nuen. Epaitegi batekoa. Zer esanik ez, ez nintzen poztu horrelakorik jasotzeagatik, haserretu baizik. Nire haserrea, aldiz, ez zen idazki judizialak kontatzen zituen gora beherengatik, baizik eta nire konputagailutik aspaldi erbesteratuta neukan fitxategi multzo bat berreskuratu behar izan nuelako: “Erdarazko epaitegikoak bueltatzeko” izeneko karpeta.

Euskalduna izateaz aparte euskaldun gisa jokatzeko erabakia hartu nuenetik, hamalau epai, ohar, prozedura eta deialdi bidali ditut atzera euskaraz ez zeudelako, nire hizkuntza eskubideak txantzat eta ni pepelerdotzat –hobeto esanda, “por gilipollas”– hartzen gintuztelako.

Subjetibitasun horretatik, oso gertutik jarraitu ditut Getxoko epaitegiko azken berriak. Alde batetik, Madrilgo Unibertsitate Legearen kontrako itxialdia egin zuten 103 ikasleen kasua –tokatuko zaizkie etorkizunean Gasteizko Unibertsitate Legearen kontrako protestaldiak antolatzea–. Bestalde, Egunkariaren itxieraren kontrako itxialdia burutzen saiatu ziren Enrike Lopez irakaslea eta 38 ikasleen kasua.

103koen kasua Kafkak idatzi izan balu magistrala izango zen. Baina, zoritxarrez, epaile faxista baten azken aurreko faxistada baino ez da izan ikasle guztiak ETAko kolaboratzaileak izan daitezkeelakoan kasua Madrilgo Entzutegi Nazionalera igortzea. Zoritzarrez ere bai, inolango komunikabiderik ez digu eman epaile handi-mandi horren izena. Gora inpunitatea!

39koen kasua ere ez da bukatu. Getxon egingo den arren, ez dakigu oraindik zergatik leporatzen zaien desobedientzia delitua egin izana. Ez dakigu ezta ia akusatuen hizkuntza eskubideak bermatuko diren, baina zalantzak izateko badira aurrekariak. Horregatik eta nazio zapalkuntzaren bidez jarritako justizia sistema onartzen ez dutelako, Enrike Lopezek eta beste kide batek jada aurreratu dute ez direla agertuko epaiketara. Desobedientzia ekintza argia eta eskertzekoa.

Demoak ere aipagai eta epaigai izan ditugu azken bolada honetan. “Espainiarrei” euskaraz aritzea –nahiz eta soilik itzultzaileren bidez– utzi zien bitartean, “frantsesei” euskaraz deklaratzeko eskubidea ukatu zien Baionako epaile batek. Hortik aurrera Poliziak emandako egurra ez zen makala izan, makila baizik.

Azkenik, Gernika dugu asken asteetatik datorren otsailaren 28ra arte justiziaren hiriburua. Bertan, 64.000 euskaldun epaitzeko hiru epaile erdaldun daude. Hori salatzeko eta iraultzeko makina kontu antolatu dute Lea Artibai eta Busturialdeko Euskal Herrian Euskaraz elkarteko taldeek, besteak beste, epaitegiari intsumisioa egingo dioten bi mila pertsona baino gehiago biltzea. Azken ekitaldian, gose greba txandakatua, bere laugarren astean dagoena, eragile sozial asko batzen ari dira, erakunde gisa edo euskalgintza gisa lan egin beharrean hemendik aurrera herri gisa jokatzeko. Gernikan planteamendu interesgarri mordo ateratzen ari da eta ideia asko eta asko beste herri batzuetan kopiatzeko modukoak dira. Getxon ere aztertuko beharko ditugu.

Bukatzeko, Gernikako gose grebalariekin harremanetan jartzeko honako e-posta erabil dezakezu: gosegrebalariak@euskalerria.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun