Zenbat ikasturte dituzu? - Jokin de Pedro / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 19a, 22:30

Irakasle jendearen urtea irailean hasten da eta ekainean amaitu. Bitartean uztaila da, ekaineko burrunbadan burutu ezineko lan, asmo eta prestakuntzei bide emateko eta, oro har, zauriak milikatzeko. Psikologikoki osatzeko sasoia. Eta, ondoren abuztua, opor ofizialak edo arauzkoak.

Irailean etorriko dira ostera ere aurpegi berriak, beti gazteak, programazioak hasieratik ematea, ordutegi desberdina, antolamendu berria, irakaslearen berrikuntza pertsonala, kurtso berriari freskotasunez ekitea… bizitzaren hasiera zelan edo halan, hilabete-edo irauten duen udaberri moduko bat. Berritze aldia.

Ez da txantxa, beraz, gure lanbideko jendearen adina ikasturteka kontatzea, urteka barik. Horixe baita gure urte naturala: ikasturte akademikoa. Eta irakasle izan aurretik, karrera ikasten jarduten genuenean ere, ez ote zen gauza bera? Iraila: irakasle berriak, gai berriak, bizimodu desberdina; ekaina: zurrunbiloa; uztaila: txarto egindakoak konpontzeko edo damutzeko garaia; abuztua: hile zuria, etena, amaiera. Eta lehenago ere, gazteago ginenean, institutuan, eskolan… beti irudi eta zentzazio bera.

Ez da, ez, irudipen hutsa gure bizitza ikasturtetan kontatzea, beti-beti horrela bizi izan dugu-eta. Eta erretiroa hartzen dugunean, zelan biziko dugu urtea? Faltan botako ote dugu irailetik ekainera bitarteko 'in crescendo' hura? Agian lanari uzten diogunetik betiko itzaltzen garen arteko urte luze bakarra biziko dugun irudipena izango dugu? Azken ikasturtea izango da, luzeena, ekainik gabea…
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun