Udalaren aurkako salaketa jarri du Getxoko UGTk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 20a, 22:43

Prebarikazioa, atribuzio-usurpazioa, desobedientzia eta laguntza ukatzea egotziz, Udalaren aurkako salaketa aurkeztu du Getxoko UGTk. Sindikatuari udaletxe barruan lokal bat ematera Udala behartzen duten hainbat sententzietan du jatorria oraingo salaketak. Lana ezin zuelako behar bezala egin, bere burua erasotua sentitu eta depresioak jota bukatu omen zuen eskuorde sindikalak, azkeneko epaiak adierazten duenez.

Besteak beste, azaroaren 19an, bere eskuorde sindikala Zerbitzu Batzordetik kaleratu izana salatu du UGTk. Atezainen eta bulego-mezularien lana gainbegiratzeaz arduratzen zen bera. Hori dela eta, erabaki horren aurkako helegitea aurkeztea erabaki du sindikatuak, bere aurkako "mendekua" delakoan. UGTko kideen hitzetan, "autoritatearen jardunean botere desbideraketa suposatzen du honek. Udalean dauden 31 zerbitzu batzordeetatik kaleratu duten ordezkari bakarra da gurea".

Horrekin batera, UGTko eskuorde sindikalari 3.005 euroko kalteordaina ematea Udala behartzen duen sententzia gogoratu dute sindikatuko kideek.

2002ko urriaren 10an eman zuen auzi honen gaineko sententzia, EAEko Auzitegi Nagusiko 6. gizarte-epaitegiak. Beste sindikatuak ez bezala, UGTk bilerak egiteko lokalik, bulego-materialik, ezta ekipo informatikorik ez zeukala frogatutzat jotzen zuen. Jokabide horri amaiera ematea agintzen zion Getxoko Udalari, "diskriminatzailea eta fede onaren aurkakoa" zela argudiatuz. Halaber, eskuorde sindikala depresioak jota bukatzeko arrazoia horixe izan zela ondorioztatzen zuen epaiak eta "eragindako kalte moralengatik", berari 3.005 euro ordaintzera behartzen zuen Udala.

"Getxoko Udala ez zen bistara agertu"

UGTk adierazi duenez, 2002ko abenduaren 5ean sententzia betearaztea eskatu behar izan zioten epaitegiari. Eta, berriz ere, 2003ko otsailaren 7an eta maiatzaren 9an. Azkenik, urriaren 23an epaitegian agertzera deituak izan ziren bi alderdiak. "Sinesgaitza badirudi ere, Getxoko Udala ez zen aurkeztu", azaldu dute sindikatuko kideek.

Hori dela eta, auto berria atera zuen epaitegiak, bost egun beranduago. Getxoko Udalari sententzia betetzea eskatzen zitzaion, "beste sindikatuak bezala, bere jarduera aurrera eramateko lokal egokia UGTri emanez; eta sindikatuak berak eskatutako bitartekoak, ordenagailua, inprimagailua, faxa, armairua eta bestelakoak jarriz".

UGT aipatutako epaiarekin pozik agertu bazen ere, Iñaki Zarraoaren aurkako salaketa jarriko zuela adierazi zuen, urtarrilaren hasieran, prebarikazio delitua egotziz. Sindikatuko kideen hitzetan, "korporazioaren fede txarra agerian uzten du sententziak, inolako funtzik gabe, sindikatuak bere eskubideak betetzea oztopatu zutelako. Gainera, sindikatoaren egoera ezagutzeaz gain, honen gaineko diskriminazioa justifikatu zuen alakateak, epaiketan".

Halaber, "are larriagoa" dela egoera aipatu du UGTk, alkateak sententzia betetzeari "uko egin diolako etengabe", orain dela hamabost hilabete "osorik" bete behar zenean. Hori dela eta, "aipatutako gora beherak eta eskuorde sindikalak jasaten ari den jazarpenarengatik", salaketa aurkeztu du UGTk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun