UGTren salaketak gezurtatu ditu Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 21a, 22:30

EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki bezala, bere lana ezin zuelako behar bezala bete, depresioak jota amaitu duen UGTko langileari, 3 mila euroko kalteordaina emateko agindua emanda dauka jada Getxoko Udalak. Halaber, sindikatuari lokal bat emateko neurriak ere hartuta daude. Izan ere, UGTren salaketei erantzunez, talde horri arrazoia ematen dioten sententziak betetzeari, inoiz ez diola uko egin adierazi du Iñaki Zarraoa alkateak. Beste sindikatuekin batera, Matikoenan edukiko du bulegoa laster UGTk.

UGTk Getxoko Udalaren aurka jarritako salaketaren aurrean, Iñaki Zarraoa alkateak azaldu duenez, 1999ko hauteskunde sindikaletan ELA, LAB, CSIF eta CCOO taldeak ziharduten Udalan, eta azkeneko hauek ordezkaririk lortu ez zuten arren, guztientzako egon zen lokala. 2003rako epean, berriz, CSIFeko eskuorde sindikala zena talde horretatik joan eta UGTn amaitu zuen. Lokala eskatu zuten orduan, baina talde horrek hauteskundeetan parte hartu ez zuenez, horretarako "eskubiderik ez" zuela erabaki zuten, hasiera batetan, udal arduradunek.

2002ko urriaren 10an, auzi horren gaineko sententzia jakitera eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiko 6. gizarte-epaitegiak, UGTk jarritako salaketa zela eta. Epaiaren arabera, lokal bat emateaz gain, Andoni Casado talde horretako eskuorde sindikalari eta UGTri berari kalteordaina ematera behartuta zegoen Udala. Zarraoak adierazi duenez, "sententziaren betearazteko bidean, behinik behin lokala eman behar geniela ulertu genuen".

2003ko urtarrilaren 9an lokala eman zitzaien udaletxean bertan eta, "hasiera batetan dena ondo zegoela bazirudien ere", berria eskatu zuten egokia ez zelakoan. "Liskarretan ez jarraitzeko", Aiboako Institutuan UGTri lokal berria ematea erabaki zen, otsailaren 17ko udal dekretuaren bitartez. Martxoaren 3an "arazo barik" bertan hasi ziren arren, bost egun beranduago kexa aurkeztu zuten gizarte-epaitegian, sententzia betegabe zegoelakoan. Urriaren 23an epaitegian agertzera deituak izan ziren bi aldeak.

"Barne-komunikazio arazoak egon zirelako", Udala ez zen aurkeztu bistara. Hala ere, bertan aurkeztutako idatzian epaileari "datu faltsuak" ematea leporatu dio UGTri Zarraoak. "Beste sindikatuak 500 metrora dauden bitartean, udaletxetik lau kilometrora dagoen tokira sartu genituela argudiatu zuten. Ez dut uste Aiboa Institutua udaletxetik horren urrun dagoenik", azaldu du alkateak. Beste sindikatuek Martikoenan dute lokala. Horretaz gain, epaileak egin zuen interpretazioa "harritu" egin zuela esan du: "sindikatu guztiak toki berean egon behar zirela adierazi zuen honek".

Sindikatu guztientzako lekua Martikoenan

Zarraoaren hitzetan, lehendabiziko sententziaren ostean, "bazterketak ekiditzeko asmoz, UGTri lokala eta beharrezko ekipamendua ematera ekin" bazioten ere, bigarren sententzia atera zenean ere, berriro hasi ziren "hori betetzeko pausuak ematen". Horrela, Martikoenan beste taldeek betetzen duten instalazioen gainean, sindikatuek eurek egindako diagrama bidali zen Hirigintza Arlora.

Aztertu ondoren, Udaletik kanpoko enpresa batek egiteko lana zela ondorioztatu zuten hauek. Hori dela eta, obrak horiek esleitzeko prozesua jarri zen martxan 2004ko urtarrilaren 7an. Hainbat horma bota eta berrantolaketa lana egin ondoren, sindikatu guztiek (UGT barne) edukiko dute lokala Martikoenan.

Dena den, obrak egin bitartean, "seguraski" Aiboan egon beharko dira taldeak, Zarraoak aipatu duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun