Lurralde Planaren barruan, trenbidea lurperatzea eskatuko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 22a, 23:08

Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialari aurkeztuko zaizkion alegazioen barruan, udalerri osoan metroko trenbidea lurperatzea eskatuko du Getxoko Udalak. Izan ere, Iñaki Urkiza Gizarte Ekintza, Etxebizitza eta Hirigintza zinegotziak atzo aipatu zuenez, "Herria bitan zatitzen du ibilbideak"eta "bateratzea" lortu nahi dute. Getxo auzoko goialdean geltokia jartzea ere eskatuko dute.

Etxebizitzari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiak proposatu bezala, dentsitatea areagotzearekin bat datozela adierazi zuen Iñaki Zarraoa alkateak, hots, gehiago eraikitzearen alde agertzen dira "etxebizitza ezari konponbidea emateko". Inguruko herrietan etxebizitzak egitearekin batera, Abantzadan egon daitezkeen trafiko arazoak saihesteko, berriz, Unbeko Korridoreari lehentasuna ematea eskatuko dute. Horrela, "Leioara bidean irteera berria edukiko dute Sopela, Plentzia eta beste herrietako biztanleek", Urkizaren hitzetan.

Guzti hauek hilabete honetako osoko bilkuran (urtarrilaren 28an) aurkeztuko ditu Gobernu Batzordeak. LPPri alegazioak aurkezteko epea, berriz, 30an bukatzen da.

Dentsitate txikiko guneetan, hektaria bakoitzeko 10 eta 30 arteko etxebizitza kopurua egitea proposatzen du Lurralde Plan Partzialak, 20 eskatuko ditu Udalak. Dentsitate ertainekoetan, berriz, 40 etxe eskatuko dituzte 30-50ko tartearen aldean. Eta dentsitate handiko guneetan 60 (50 eta 75 arteko kopurua proposatzen du Aldundiak). Horrela, hogei urteren buruan, 8.500 etxebizitza berri egongo lirateke udalerri osoan, horietatik 2.500-3.000 inguru babestutakoak.

Iñaki Urkizak azaldutakoaren arabera, gaur egun dagoen etxebizitza ezari irtenbide bat ematea litzateke. Bere iritziz, "lurzoruaren kudeaketa hobetu behar da, hori dela eta Aldundiak etxebizitza gehiago eraikitzeko ezarritako irizpideekin bat dator Gobernu Batzordea".

HAPO egokitu beharko da

Etxebizitza gehiago eraiki ahal izateko, Hirigintza Antolaketarako Plangintza Orokorra egokitu beharko du Udalak. Aldaketak lehenbait lehen egiten hastea da asmoa, bi urte barru iritsiko den LPPren behin betikoko onarpena itxaron gabe. Zarraoa hitzetan, "horrela duela zortzi urte HAPO burutu zen unean Udalak kontutan izan ez zituen irizpide batzuk aintzat hartuko lirateke: etxebizitza berrien inguruan beharrezkoak diren azpiegiturak egitea (eskola, kirol onstalazioak...), beste askoren artean". Izan ere, "lo egiteko gunerik" ez dute nahi; Getxo "herri bizia" izatea nahi dute, "biztanleen arteko harremanean oinarritua".

Ekonomi ihardueren atalean, "udalerri barruan lana bultzatzeko", 50 hektareako industri parkea nahi du Martiturri aldean Udal Gobernuak, eta ez LPPak jasotzen duen 20 hektareakoa.

Azkenik, alegazioen artean, Azkorriko pinudiak errespetatzea eskatuko da, bertan eraikitzeko aukerarik ez egoteko. Izan ere, bertan etxeak egin daitezkeela esaten dute HAPOk eta LPPk. Era berean, Mimenaga aldean ere etxebizitzak egitea eskatuko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun