Ekimenaren helburua euskara eta heziketa bultzatzea izango da, heziketa partehartzailea bultzatuz alde batetik eta kirola euskaraz egin daitekeela aldarrikatuz, bestetik. Hori dela eta erabiliko diren bitarteko guztiak euskaraz izango dira: bai kartelak, egunean zehar erabiliko den musika zein bertan zabalduko den informazioa, guztiak izango dira euskaraz. Horrekin guztiarekin batera indibidualtasuna eta lankidetza ere landu nahi dira. Indibidualtasuna ume bakoitzak ahalegin pertsonala egin beharko duelako eta, lankidetza, gainontzeko kideak kontuan hartzen direlako.
Froga egiteko, neska eta mutilak, nor bere aldetik eta adinaren araberako bost azpitaldetan banatuko dira. LH eta DBHko maila guztietako haurrak izango dira. Lasterketa, Artatza parketik irten eta Betiko ikastolan bukatuko da. Mailaren adina igotzen doan einean, lasterkariek bira gehiago emango diote zirkuitoari.
Sariei dagokionez, esan beharra dago parte hartuko duten haur guztiek jasoko dutela sari bana lasterketa bukatzerakoan. Beste alde batetik, diploma banatuko zaie maila bakoitzean helmugara iristen diren lehen 10 korrikalariei. Gainera, oraingoan finalak direnez, txapelketa osoan zehar partehartzaile gehien ekarri dituzten ikastolak, sarituak izango dira baita ere.
Antolaketan parte hartzeko deia
'Elkarregaz heldu' lelopean, Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolak dira 2004ko Ibilaldia antolatzeko arduradunak. Leioan egingo da maiatzaren 30an. Publizitatean, arropa dendetan, kulturan, kirolan, prentsan edota muntaian laguntzeko jendea eskatzen dute. Horrenbestez, Ibilaldiko antolatzaileekin kontaktuan jartzeko helbide elektroniko hau jarri dute: ibilaldia2004@yahoo.com