Zipiriñeko A ereduko umeen gurasoek atzera bota dute Jaurlaritzaren proposamena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 23a, 20:57

Seme-alabak Algortako San Ignacio ikastetxera aldatzearekin ados ez daudela adierazi dute, Sopelako Zipiriñe ikastetxean, A ereduan ikasten duten 81 haurren gurasoek. Azteazkenean egin zen bileran, aho batez atzera bota zuten aita-amek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzan Sailak egindako proposamena. Bertan egon ziren 53 familiek bostgarren maila bitarteko kurtsoetan dauzkate seme-alabak, beste 12k seigarren mailan eta 13k ez ziren bilerara aurkeztu. Hauekin batera, zentroko zuzendaritzako eta gurasoen elkarteko kideak, eta irakasleak egon ziren.

Ikastetxean dauden toki arazoei irtenbidea emateko egin zuen Jaurlaritzak proposamena. D ereduan askoz ume gehiago matrikulatzen dira Zipiriñen eta horientzako lekua egongo litzateke. Sopelako Udalak ere begi onez hartu zuen. Hala ere, A ereduko umeen gurasoak ados egoteara baldintzatu zuen Jaurlaritzak egitasmoa gauzatzea.

Gaur egun, D ereduan eskaera handia jasotzen ari da Zipiriñe ikastetxe publikoak, sopeloztarrei bakarrik mugatuta dagoen arren. A ereduan, aldiz, nahiz eta Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoizko haurrak hartu, matrikulazio gutxi egoten dira. Besteak beste, ume bakarra eman zuen izena iaz Haur Hezkuntzako mailatan, eta zenbaitetan adin ezberdinetako bi talde batu behar izan dira. Hala ere, "A ereduan Uribe Kosta osoko erreferentea" da zentroa, ume horien gurasoen hitzetan, eta seme-alabak Algortara eramateari uko egiten diote.

Ikastetxean toki arazoak daudelako egin zuen proposamena Jaurlaritzak. 2004-05 ikasturtean Haur Hezkuntzako A ereduko matrikulazio berriak Algortako San Ignazio zentrora bideratzea proposatzen zuen, pizkanaka-pizkanaka Zipiriñen erderazko linea izten joateko. Izan ere, eraikina handiagotzeko lanak ez dira 2005era arte hasiko. Sopelako Udalak ere begi onez ikusi zuen aukera hori, ikastetxean nagusi den D ereduko umeak hartzeko toki nahikoa egongo zelako. Baita 2 urtekoentzako ikasgela jartzeko ere. "Hutsa ez esatearren, eskasa da A ereduan azken urteotako eskaera. Ikasturte bat-talde bat erlazioa mantentzeko aukera emango liguke horrek. Sopelan ezinezkoa izan da azken urteitan", diote udal arduradunek. Gainera, "denak batera lekuz aldatzea" nahiago duela adierazi zuen Udalak, 2004an matrikulatutako Haur eta Oinarrizko Hezkuntzako ume guztiak hartuz, "Sopelako ikasleen taldearen batasuna bermatzeko".

"Hezkuntza arduradunen prebisio falta"

Hala ere, A ereduko umeen aita-amek proposamenarekin ados egotera baldintzatu zuen Jaurlaritzak egitasmoa gauzatzea. Ezezkoa emateaz gain, "Hezkuntza Sailak ideia behin betiko bazter dezan eskatzeko", komisioa sortuko dute guraso horiek. Hauen ustez, hezkuntza arduradunen "prebisio faltak" eragin ditu, gaur egun, D ereduan eta 2 urteko haurrekin dauden toki arazoak. "Matrikulazio aurrikuspenak kontutan hartu izan balira, Haur Hezkuntzarako eraikin berria egin behar izan zuten", diote hauek.

Horretaz gain, "mormaltzat" jo dute euren seme-alabak herritik kanpo atera nahi ez izatea, "erosoagoa delako ikastetxea hurbil edukitzea, eta bide batez, autobusean joatearen arriskua saihesten delako". Honen aurrean, "beste askok ere autobusa hartu behar" izaten dutela adierazi du Udalak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun