Merezi dugun telebista ote daukagu? - Iñaki Ozamiz / PTBko kolaboratzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 24a, 21:41

Azken egunotan pare bat iritzi artikulu irakurri ditut Ukberrin gaur egungo telebistaren inguruan. Artikulu horiek telebista ez zuten oso leku onean uzten. Nik telebistaren aldeko defentsa egingo dut, kalitatezko telebista baten defentsa.

Arrazoia daukate gaur egungo telebistek, audientzia datuak bakarrik kontutan hartzen dituztela esaten dutenek. Gure Euskal Telebista, gure kultura eta gure hizkuntzari bultzada bat emateko jaio zenak ere hori egiten duela susmatzen dut. Dena den, badira egunero ikusten ditugun telebista horietatik aparte beste batzuk ere bai; herri telebistei buruz ari naiz. Herri telebistari buruz ari naizenean, gure inguruan izaten diren gertakizunei buruz informatzen eta hitzegiten duten komunikabideei buruz ari naiz.

Badira 16 urte, Plentzian bideozaletasuna zuen talde batek PTB eratu zuela. Plentziakoa ez da bakarra, Euskal Herrian badira PTB bezalakoak ere. Herri telebista hauek, informatiboak, kultur programak, lehiaketak eta abar eskaintzen dituzte. Aurrekontu eta baliabide gutxi dituzten telebistak dira, hori dela eta, askotan “kutre” deitzen diegu. Nire galdera da: Ez al dute hauek komunikabideek daukaten informatzeko helburua hobeto betetzen, kate handiek baino? Zer bilatzen ari gara telebista batean, “glamoura”, kolorea, izar disdiratsuak... ala informazio zehatza eta herriaren islada?

Kalitatezko telebista egin litekeela uste baduzu, badira Euskal Herrian hainbat herri telebista. Herri informatuari, herri aurreratua deritzot nik. Hori dela eta pare bat urte dira Plentzia Telebistan kolaboratzaile moduan sartu nintzela, ez dudalako sinisten daukagun telebista merezi dugunik eta beste mota batetako telebista egin daitekeela uste dudalako. Horretan dihardugu Plentzian ia hamabostean behin biltzen den talde txikia baina gogotsua osatzen dugunok. Gurekin, ongi merezitako telebista hurbila eta serioa egiteko prest bazaude ez daukazu aitzakiarik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun