Metroko segurtasun zerbitzuak, bezeroak etsai - Julen "Nafa" / ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 25a, 20:50

Garraio publikoek gaur egungo gizartean duten garrantzia gero eta handiagoa da, jende artean ezinbestekoak bihurtzen ari baitira herri batetik bestera mugitzeko, bitartean ingurugiroa garbi mantentzen laguntzen dogularik.

Herritarren artean garraio publikoen erabilera hedatzeko, hauek erosoak izan behar dira bezeroentzat, hots, ordutegiak egokiak izatea, masifikaziorik ez egotea, segurtasun neurriak edukitzea… Haatik, Uribe Kostan ez-ezik Bizkaia osorako ere garrantzitsua den metroan, ezbehar ugari gertatzen ari dira, segurtasun zerbitzuen eta bezeroen artean, bortizkeri kasu ugari eman direlarik.

Metroa egunero hartzen dugunok badakigu zein den “segurata” (segurtasun zerbitzuak behin eta berriz ez esatearren, ezizen komuna dela kontuan harturik) hauen jarrera. Badirudi uniforme bat janzteagatik lege-gizonak direla uste dutela. Indarkeria erabiliz, harropuzkeri osoz, bezeroak zirikatzen ematen dute eguna, gazteak batez ere. Onartezina da bezeroen zerbitzura egon beharko liratekeen langileak bidaiariak etsai moduan tratatzea.

Onartu beharra dago ere bezeroen artean basati nahikotxo dagoela, batik bat gauetan, baina neurri berean, segurata hauen jarrera bortitzagoa ere bihurtzen da gauetan. Ezin zaie galderarik egin. Gazteoi gutxienez, behin eta berriro begira ari dira, gure erantzunaren zai edo, itxaropentsu. Nire kasuan bederen, hainbat adibide aipa ditzaket (eta ni bezela, egunero metroa hartzen dutenek) Baina pasa den hilean, besteak beste, berdedun batek esan zidan, lasai-lasai bagoiko eserleku baten eserita nengoelarik: “baldin badakizu ezin dela egin, ez egin”. Hori bai esaldi ingeniotsua!

Nolanahi ere, egoera askoz ikaragarriagoak gertatu dira metroan, txakurrak direla eta. Alde batetik, hauen egoera latza azpimarratzekoa da, bozal ta guzti metro erdiko sokagaz egoten baitira makina bat denbora, tentsioan (bezeroei askotan esaten zaie txanoak ken ditzaten txakurrak urduri jartzen direlako) Eta bestetik, bidaiarientzat arriskutsuak dira, metro-txartela ez ordaintzeagatik, txakurra "botatzera" heldu baitira.

Eta euskaraz mintzatzeari buruz zer esanik ez…

Beraz, metroko segurtasun zerbitzuei buruzko kexak ugariak dira, bidaia deseroso egiten baitigute bezeroei (nola ez, badaude salbuespenak ere) eta hauen jokabidea ez bada aldatzen, garraio publikoetan bidaiatzeari uko egingo diote askok. Uniforme bat janzteak ez du biolentzia legitimoa bihurtzen. Eta are gutxiago gure segurtasuna aitzakiatzat hartuta egiten baldin bada.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun