Getxoko Antzerki Eskolak 24 mila euroko dirulaguntza jasoko du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 26a, 22:25

Pasa den asteazkenean Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, 24.040 euroko dirulaguntza jasoko du Getxoko Antzerki Eskolak. Horrela, duela hiru urte bi erakundeen artean adostutako itunari jarraipena eman diote, oraingoan 2007 urtera arte luzatuko da.

Hitzarmenaren bitartez, diruaz gain, egun zehatz batzuetan Algortako Getxo Antzokia erabiltzeko aukera edukiko du Antzerki Eskolak, hainbat ekitaldi bertan burutzeko. Honek, berriz, udalerriko ikasleei matrikulen prezioak murrizteko konpromisoa hartu du. Eta eskolako talde amateurren antzezlanak eta "96 Unicornios" konpainiaren estreinaldi guztiak eskaini beharko ditu udalerrian.

Aintza Uriarte Getxoko Antzerki Eskolako administratzaileak adierazi zuenez, "lasaitasuna eta epe luzerako planifikazioa egiteko aukera" ematen die hitzarmenak, "horrela lanak geldiroago egin eta emaitza hobeagoak lortu ahal izateko". Iñaki Zarraoa alkateak, berriz, Antzerki Eskolak lortutako "maila ona eta ospea" goraipatu nahi izan zituen, "ez bakarrik udalerrian eta EAEn, baizik eta kanpoan ere".

Gaur egun, bi atal ditu eskolak. Alde batetik, aktore profesionalak izan nahi dutenen multzoa, 35 bat lagunez osatuta. Eta bestetik, 4 eta 60 urte bitarteko amateurren multzoa, 220 lagunekin. Azken honetan getxotarrak dira gehienak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun