Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaleak adierazi zuenez, "adinduen familiei bizkarra erakusten ari zaizkio erakundeak, hauek zaintzeko zama guztia senideen gain utzi dutelako". Berak emandako datuen arabera, 65 urtetik gorakoak 12 mila dira udalerrian. Eta 2001ean 350 lagunek jasu zuten laguntza etxeetan. "Eguneko egoitza berriko balizko bezeroak izango lirateke hauek", Arrueren hitzetan.
Zarraoak, aldiz, guzti hori gezurtatu du. Gaur egun, DYAk eta Oroitu enpresak udalerrian dituzten zentroetan eta Leioan kokaturiko Bizkaiko Foru Aldundiakoan jasotzen dute laguntza adinduek. "Egoitza horietan eskaintzen diren tokiak ez daude beteta", azaldu du Zarraoak. Dena den, etorkizunean leku falta egongo balitz, Jesusen Bihotza udal egoitza atonduko litzatekela gaineratu du.
Mozioa aurkeztuko du udalbatzan PPk
Jesusen Bihotza udal egoitzan eguneko zentroa jartzea eskatzeko, mozioa aurkeztuko du ostiraleko udalbatzarran PPk. Gainera, Nerea Llanos Bizkaiko Batzar Nagusietako kidea izan zuen lagun Marisa Arruek atzoko agerraldian. Batzarkide popularrak adierazi zuenez, "etorkizunera begirako ikuspegirik ez" dauka Aldundiak. "Hurrengo hiru urtetan, egoitzetan 3.100 leku sortuko dituzte, eta eguneko zentroetan 420 besterik ez", aipatu zuen Llanosek. Horretaz gain, "Getxon edo inguruko herrietan" horrelako zentrorik jartzeko asmorik ez dutela gaineratu zuen. Hori dela eta, Batzar Nagusietan ere proposamena aurkeztuko dute.