Kalitate Legerik ez! - Xabier Ugalde / Ander Deuna Ikastolako zuzendaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 27a, 23:03

“La Economía Social en la Educación, Servicio Público” izenpean Ikastolen Elkarteak/Partaidek urtarrilaren 28an eta 29an Topaketak antolatu ditu Bilbon. Honako topaketa hauek iaz Donostian burututakoen jarraipena ditugu. Euskal Eskola Publikoaren Legeak 10 urte bete dituenean bada garaia balantzea egiteko eta aurrera begirako beharrezko berrikuntzen eta aldaketen eztabaidari ekiteko.

Baina oraingo honetan, eta topaketa hauen aitzakian, PPk indarrean jarri duen Kalitate Legearen puntu garrantzitsuenetariko baten inguruko hausnarketa agertu nahi nuke. Lege horrek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasleen %30ek behar bezala amaitzen ez dutela aitzakiatzat hartuz, hiru ibilbide ageriko - Zientziak, Giza Zientziak eta Teknologia - eta ezkutuko laugarren bat - Lanbide Hastapenekoa edo ei dena - zabaltzen ditu.

Azken honetara ikasle multzo bat bideratuko da eta berau izango da, zalantza barik, hezkuntza sistemaren zabortegia. Ikastetxe batzuek aukera izango dute ibilbide bat edo beste garatzeko, edota arlo batzuetako curriculumetan espezializatzeko eta, zer esanik ez, balizko ikasleak aukeratzeko dituzten emaitzen arabera. Halaber, laugarren ibilbideko ikasleak ekidingo dituzte eta ikasle “azkarrak” besterik ez dituzte hartuko eta, ikasle “zailak”, administrazioaren ikastetxeetan pilatuko dira. Azken batean, Hezkuntza bera jartzen da zalantzan, hezkuntza ez baita zerbitzu publikotzat hartzen eta ez da interes publikoa beste ezeren gainetik gailentzen.

Hezkuntza, zerbitzu publikoa den aldetik, ezein ikaslek hezkuntza maila bat lortzeko aukera (16 urte bitartean bederen) izan behar du, norberaren jatorri, ekonomia, etnia, pentsaera eta abar kontuan hartu gabe. Gauzak horrela, ez administrazioak ez beste inork ez du ziurtatzen hezkuntza eskubidea. Eta horri aurre egin behar diogu guztiok.

Eskola kontzertatuan dagoen eskaera diruz lagunduz, bertako eskaintza erregulatuz eta administraziopeko ikastetxeetan herritarren parte hartzea bermatuz. Baina Kalitate Legeak guztiz kontrakoa agertzen digu: pribatuek nahi dutena eskaini dezakete (espezializazioa), ez zaie eskatzen dagokien ahalegina egitea (hezkuntza bereziko ikasleak jasotzea, inmigranteak hartzea, berdintasun batean aukeratzeko eskubidea izatea) eta administrazioko ikastetxeetan, berriz, eskola kontseiluak ebatzorganoetatik murriztu egiten dira eta administrazioak berak aukeratzen ditu zuzendariak.

Kalitate Legerik ez, mesedez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun