Hasteko, iragarkiak jarriko dituzte hainbat hedabideetan, baita metroko publizitate euskarrietan eta autobusetako markesinetan ere. Metro Bilbaok euren langileen laguntza ere jaso du horretarako, prentsa-ohar bidez aipatu dutenez. Azken asteotan proba batzuk egin ditu enpresa barruan, izangai egokiak aurkitu nahirik. Pertsona horiek euren irudia "eskuzabaltasun osoz" jarriko dute kanpainarako.
Antzerkia
Berritasun modura, publizitate kanpaina indartzeko, metroko sare osoan zehar, antzerki obra txikiak eskainiko dituzte. Oso formatu laburreko eszena hauek (minutu bat edo bi) kai, atalondo eta trenetan antzeztuko dira. Hain zuzen ere, horiek antzeztuko dituen jendea topatzeko casting bat egingo dute, 5 eta 75 urte bitartean. Proba maiatzaren 27an izango da, Haceria arteak gunean (Deustuko erribera, 42). Hautapenean parte hartu nahi dutenek hitzordua eskatu beharko dute ostegun arratsaldeko 8ak baino lehen, 944 470 465, 944 472 067, 617 414 559 edo 655 701 442 telefono zenbakietara deituz.
Metro Bilbaoko arduradunen hitzetan, "hautatuek antzerki esperientzia bakar eta desberdin batean parte hartuko dute. Antzerki pieza txikietan antzezle ikustezinak izango dira, hau da, lehen begiratuan aktoreak direnik igartzen ez zaiena, eta metroko bezeroek, ortzadarraren koloreetako bat nagusi izango den arropaz jantzia joango direnez, erraz identifikatuko dituzten beste zazpi protagonista konbinatuko dira. Eszena horiek didaktikoak izango dira, eta sinpatia osoz aurkeztuko dira jendaurrean, bezeroenganako errespetu osoz".
"Azken batean, sentsibilizazio kanpainak metroan jokabide zuzena dutenen jarrera positiboki indartuko du, eta gizalegez jokatzen ez dakien gutxiengo horrek, metroko langileak laguntzeko dauzkala ulertzen ez duenak kontzientzia har dezan ere balioko du", gaineratu dute.