Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza ukatu dio Bizarra Lepoaneko hiru proiekturi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 29a, 17:00

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ez du Bizarra Lepoan Getxoko Euskara Elkartearen hiru ekimen diruz lagunduko, egunotan banatzen ari den euskara sustatzeko dirulaguntzen ebazpenaren arabera. SEI eta Kontseiluarentzat ere berri txarrak izan dira.

Patxi Goenaga Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 2003ko abenduaren 30ean sinatutako ebazpenean azaltzen den moduan, Bizarra Lepoanek aurkeztutako lau ekimenetik hiru ez dute Eusko jaurlaritzako dirurik lortu 2003an. Hain zuzen ere, Bapiruke umeentzako aisialdirako programa, Gehi gazte elkarteek beren antolakuntzan euskara sustatzeko plangintza eta idazle famatuak ekarriz irakurzaleak erakartzen dituen Irakurzaleen txokoa ekimena.

Aipatutako hiru proiektuak ez laguntzeko emandako arrazoia bakarra da, beti ere Goenagaren ebazpenaren arabera: "dirulaguntza jasotzeko nahikoa puntuazio lortu ez".

Aldiz, dirulaguntza jasoko duten proiektuen artean Gazte Saltsa izeneko ekimena dago. Hori garatzeagatik Bizarra Lepoanek 2.780 euro jasoko ditu. Era berean, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak aurkeztutako Egizu-Berbalaguna ekimenak 7.353 euro izango du dirulaguntza gisa. Proiektu honetan Bizarra Lepoan, Lauaxeta AEK, Jose Antonio Agirre eta Getxoko Udal euskatelgiak eta Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzua aritzen dira.

SEI eta Kontseilua
Dena den, badira beste ekimen batzuk aipatzekoak direnak, besteak beste SEI Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzenek eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak aurkeztutakoak. Bi erakunde horiei ez laguntzeko deia egin zuen pasa den urtean EAJk barne agindu baten bidez. Eusko jaurlaritzako deialdi honetan, SEIk Bat aldizkariaren harpidetza kanpainarako lau mila euro eta Kontseiluak euskarazko zerbitzua ematen duten profesional eta enpresen gida dela eta beste 1.808 euro jaso badituzte ere, aurkeztutako beste sei proiektuek ez dute Lakuaren dirua ikusiko.

SEI, Kontseilua eta Kontseilutik sortutako Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren proiektuei emandako erantzuna "ez da dirulaguntzagaia" izan da lau kasutan. Antza, Bai Euskarari Ziurtagiria, Hizkuntza paisaiaren euskalduntzean eskuhartzeko ekimena, hizkuntz eskubideen egoeraren azterketa eta soziolinguistika aplikatuko ikastaroek ez dute euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko balio.

Guztira, 272 proiektu aurkeztu ziren eta erdia baino apur bat gehiagok baino ez du laguntzarik jasoko. 144 izango dira, alegia, onuradunak. Beste 44 eskaera ez dira tramitaziorako onartu behar beste paper aurkeztu ez dutelako, epez kanpo ailegatu direlako edo dirulaguntzaren deialdian lekurik ez zutelako. Bukatzeko, 84 proiektu baztertu dira "dirulaguntza jasotzeko nahikoa puntuazio lortu ez" dutelako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun