Christian Reinicke Getxo Bizia plataformako kideak gaur adierazi duenez, "izenak berak" agerian uzten du Bizkaiko Foru Aldundiak bultzaturiko egitasmoaren "benetako helburua". Bere hitzetan, Bilbo Metropolitarraren eredu konkretu bati begira dago pentsatuta Lurralde Plan Partziala eta eskualdeak horretara moldatu behar dira. "Beste behin ere egoitzaldea bihurtu nahi dute Getxo eta Uribe Kosta eskualdea", gaineratu du honek.
Hori dela eta, "hazkunde orekatua egongo dela esaten duten arren", LPPk etxebizitza hazkunde "ikaragarria eta neurrigabea" dakarrela salatu nahi izan dute. Reinickek azaldu duenez, egitasmoak berak ez du Getxon biztanleria hazkunderik aurrikusten, eta herrian 4 mila etxebizitza behar direla adierazten bada ere, "badaezpada" zortzi eta hamaika mila artean egitea proposatzen du LPPk. Are gehiago, Uribe aldeko kostaldean osorako, "hiri-garapen jarraitua" aipatzen du egitasmoak. "Herri-ikuspegia galdu egingo litzateke, kostaldean esplotazio bortitza dakar LPPk", Reinickeren hitzetan.
Eustaten azken datuen arabera, udalerrian hutsik dauden 3.779 etxe baliatzea eskatzen du Getxo Biziak. Horretaz gain, herri barruko gunean beste bi mila egin daitezkeela adierazten dute. Eta gehien-gehienez, Hirigintza Antolaketarako Plangintza Orokorrak (HAPO) planteatzen zuen kopurua (beste bi mila inguru) eraikiz "askoz gune txikiagoan", nahikoa litzateke, Reinickeren ustez, "udalerri osoa urbanizatu barik", getxoztar guztien etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko.
Getxo Biziak "ezegokiak ez-ezik, faltsuak ere" deritze Aldudiak LPP egiteko emandako argudioei. Hazkundea planifikatzeko Metroko ibilbidea erabiltzeaz gain, "berriro ere" errepideen inguruan egituratuko lirateke gune berriak, Reinickek azaldu duenez. Kostaldetik, Getxotik Barrikaraino doan errepidea egin nahi dutela iragarri du plataformako kideak. Portzentai bat babes ofizialeko etxebizitzak egiteko erabiltzearena ere "faltsukeriatzat" jo dute. Euren ustez, lurzoruaren kudeaketa garapen jasangarriaren ikuspuntutik egin beharko litzatekeelako.
Babesgune handiagoak
Ingurumenari dagokionez, Azkorriko pinudia babesteko Udalak egindako eskaera "ez da nahikoa" Getxo Biziako kideen ustez. "Orain dela hiru urte, Eusko Jaurlaritzako Kostaldeko Arlokako Lurralde Planaren aurreneko txostenak askoz eremu zabalagoa hartzen zuen", Reinickek aipatu duenez. Hori aurrera ateratzeko "momentu egokia" dela uste du berak. Gainera, pinudia ere hartuko omen du, lehen aipatutako errepide berriak.
Ibai eta ibaiertzetarako ere errespeta dadila eskatu dute. Izan ere, LPPren eraginez, Gobela erreka Erromora iritsi baino Asuako errepide edo Avanzadapean pasatzen da, Reinickek azaldu duenez. Eta erreka horretara urak isurtzen dituen Kandeluk "egitasmoaren planoetan ere ez da agertzen".