Espainiari "ezezkoa" emango dio ezker abertzaleak bihar Erromon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 30a, 18:16

Martxoko Espainiako hauteskundeei begira, ezker abertzaleak bultzaturiko "Euskal Herria aitortu, errespetatu" ekimena aurkeztuko dute bihar, 13:00etatik aurrera, Erromoko Ibaiondo kalean. Euria egiten badu, berriz, elizako arkupetan izango da ekitaldia.

Badira hilabete batzuk abian jarri zela. "Espainiak Euskal Herriari inposaturiko gatazka eta errepresioari ezetz esatea eta, era berean, autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz, gatazkaren konponbiderako aukerak jorratzea" da bere helburua, ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez.

Ezker abertzaleko ordezkaritza zabal baten bozeramale gisa, azaroaren 19an emandako prentsaurrekoan, "Euskal Herria aitortu, errespetatu" ekimena auzo eta herrietan zabaltzera deitu zituen, euren buruak ezkertiar eta abertzale duten guztiak, Pernando Barrena Batasunako mahaikideak. Ordutik hona, hainbat tokitan aurkeztu dute egitasmoa.

Izan ere, martxoko hauteskundeak "erronka politikotzat" hartu zituen orduan Barrenak, "Espainiari ezezkoa emateko" eta, beste behin ere, "errepresioa eta erasoak alferrikakoak direla adierazteko Madrilgo Gobernuari". Mahaikideak gaineratu zuenez, "Euskal Herria bizirik dirau, eta aukeratzeko gauza den neurrian, zer nolako etrokizuna nahi duen erabakiko du askatasun osoz". Honen harira, egunez egun, "eskubide zibil eta politikoak urratzea" egotzi zion Espainiako Gobernuari Barrenak, euskal herritarron helburuak zilegiak direla adieraztearekin batera, "nahiz eta espainiar eta frantziar legediek horrela ez ikusi".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun