Talde faxisten mehatxuak zirela eta, Euskal Herritik kanpo hainbat kontzertu suspenditu behar izana gutxi balitz, Getxoko PP eta PSE-EE ez dira motz gelditu. "Kantuketan 2004" jardunaldietan Fermin Muguruza abestu behar zuela jakin zutenetik, etengabe eskatu dute emanaldia bertan behera uztea. Are gehiago, "borroka armatua defendatzea, biktimak umiliatzea eta Euskal Herriaren ustezko opresioa salatzea" egotzi zion irundarrari Marisa Arrue popularren bozeramaleak.
"Askatasuna eta aniztasunaren defentsan"
Hala ere, hasiera hasieratik, emanaldiarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuen Getxoko Udalak, "askatasunaren eta aniztasunaren defentsari eusteko", Zarraoak adierazi zuenez. Gutun bidez Arrueri emandako erantzunan, "inolako frogarik gabe" salaketan egitea leporatu zien popularrei. Are gehiago, euskal musikari eta artistek jasaten ari diren boikotei erantzuna emateko, Getxoko kultur egitaraua prestatzean "lehentasuna" emango ziela hauei gaineratu zuen alkateak.
Adierazpen hauengatik, "borreroen alde" egitea leporatu dio Luis Almansak. "Terroristen erasoak direla Euskal Herritik kanpora joan behar izan direnengatik inoiz ez du txintik ere esan Zarraoa jaunak", adierazi du Getxoko PSE-EEko bozeramaleak. Azkenik, alkateak "berriro ere bere benetako izaera erradikal eta demokratikoki zalantzagarria" agerian utzi duela aipatu du.
Boikotak eta debeku eskaerak gora eta behera, dena prest dago, bihar, arratsaldeko zortzietatik aurrera, Fermin Muguruzak Algortako Portu Zaharrean jarritako karpan emango duen kontzerturako. Izan ere, "Inkisizioa gogorarazten duten jokabide autoritrioak, ez dira Getxon onartuko", Iñaki Zarraoa alkateak asteazkenean adierazi zuenez. Hain zuzen, pasa den astean, Marisa Arrue PPko bozeramalea izan bazen emanaldia bertan behera uzteko eskatu zuena; Zarraoari erantzun nahi izan dio gaur Luis Almansak. "Demokrazia, aniztasuna eta askatasuna defendatzeagatik, artista askok mehatxuak jasotzen dituzten bitartean, terrorismoaren apologia egiten duten abeslari abertzaleei babesa" ematea egotzi dio alkateari PSE-EEko ordezkariak.